IRITZIA

Osasun sistema, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa

Erabiltzailearen aurpegia Unai Vicente – Mugimendu Sozialistako kidea 2024ko urt. 23a, 06:30

Haserrea nagusi da Laudion urtarrilaren 12an herritar batek bihotzeko batek jota anbulatorioan bizitza galdu ostean mediku baten faltan. Ezbehar hau baina, gertakari isolatu bat izatetik urrun, urteetako osasun zerbitzuen eraistearen ondorio da, non langileriaren bizi-baldintzak uneoro erasotuak ari diren izaten.

Baliabide falta eta osasun zerbitzuen kaskartzea ez dira fenomeno berriak, eta ez dira ere osasun sistemaren kolapsoaren gertakari zehatz baten emaitza. Osasun sistemaren eta bertan lan egiten duten langileen egoera nahiko larria da. Medikuak falta dira, lanaldi amaigabeak dituzte eta ez dagozkien zereginak betetzen dituzte ere, murrizketa neurri berriak ezarri dira edo itxaron-zerrenda luzeetara ohitzen hasiak gara. Arazo hauek guztiak gripeak eragindako kolapsoarekin argi eta garbi antzeman dira. Hala ere, aurretik existitzen ziren jada. Gertakizun hauek ordea, ez dira oharkabean pasa ez langileriaren artean ezta agintari politikoen kasuan ere ez. Agintari politikoak egoera honetaz jakitun dira, baina honi irtenbidea emateko haien ezintasuna ezagutzen dute. Krisi kapitalistak ez du ahalbidetzen iraganeko osasungintza eta testuinguru honetan soilik uler daiteke Gotzone Sagarduik bere garaian (2022ko ekainean) aipatutako beharrezko “aldaketa kulturala”. 

Kudeaketa kapitalistaren pean dauden osasun-zerbitzuen gainbehera bizitzen ari gara. Hots, Estatuak eta politikari profesionalek ekidin ezin dezaketen krisi baten aurrean gaude. Kapitalismoa beheranzko joeran aurkitzen da eta saihestezinak diren kontraesanak agerian ari dira geratzen. Osasun-zerbitzuak eraginkortasun ekonomikoaren logikaren arabera antolaturik daude eta gaur egun sistema kapitalistaren barnean ez dago ez dirurik ez borondaterik kalitatezko osasun publiko bat finantzatzeko. Horren adibide da osasun publikoaren eta osasun pribatuaren arteko segregazioaren handitzea: proletariotzarentzat geroz eta oinarrizkoagoak diren osasun zerbitzuak eskaintzen diren bitartean; dirudunek, medikuntza pribatu oparo, azkar eta efektibo batez gozatzen dute. 

Gainera, hemen aipatutako joera hauek geratzeko datoz. Izan ere, osasungintzaren arazoa ezin daiteke soilik “kudeaketa arazo” edo “finantzazio eskasaren” ondorio modura saldu. Hori adieraztea instituzio kapitalisten bitartez kapitalismoaren barruan konpondu ezinezko arazoak desagerrarazi daitezkeela saltzea da eta hau arduragabekeria bat da. Horregatik, erakunde hauen kontrola lortzeko politikari profesionalen arteko lehiak gizarte-ordena honen euskarri diren instituzio kapitalistak legitimatzeko balio du. Aldiz, hemen borrokatu beharrekoa gure ongizatea erasotzen duen sistema kapitalista da.

Egoera honen aurrean, osasun langileen eta osasun-baliabideen defentsa egitea dagokigu. Baina gure jarduna ezin da horretara mugatu. Osasungintza publikoaren gainbehera sistema kapitalistaren krisiaren baitako fenomeno estruktural gisa ulertzea nahitaezkoa da. Soilik modu honetan etor daitekeenari aurreratu eta norabide berri baten alde lanean jar gaitezke. Doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa den osasun sistemaren alde, sozialismoaren eraikuntzarekin soilik gauzatuko dena. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide