[IRITZIA] Gure aldaketa klimatikoa

"Banda marroia" izeneko gaixotasuna duen eskualdeko pinudi bat. / Aiaraldea.eus

Munduan zehar berriak zabaltzen dira, esanez gure etorkizuna oso ezberdina izango dela eta gure bizitza guztiz aldatuko dela. Aldaketa klimatikoa askotan agertzen da eta argi dago erronka izugarria dela eta intentsuagoa bihurtzen dela denbora pasatu ahala.

Euskal Herrian ere ezagunak dira aldaketa klimatikoaren ondorioak. Tenperatura altuagoak dauzkagu eta urtean zehar euri gutxiago, nahiz eta euri-jasa handiak komunagoak bihurtzen ari diren. Noizbehinka gure mendiek dauzkaten arazoei buruz entzuten dugu, pinu eta eukalipto-sailak kasu, gure bioaniztasun eta lurretan dauzkaten ondorio negatiboengatik edo espezie hauetan agertutako plagengatik.

Baina gertakizun hauek guztiak sentsazioak al dira? Betidanik gertatu diren aldaketak dira edo berriak dira? Ikerketa zientifiko eta datu estatistikoen arabera aldaketa klimatikoa lotuta dago ikusi ditugun gertakariekin. Hori bai, datu hauek ez dira bakarrik agertzen nazioarteko erakundeen txostenetan, Aiaraldea non dagoen ere ez dakiten horietan. Datu hauek errepikatu egiten dira gure udalen lurralde-antolamendu planetan (HAPO). Hauen arabera, gure inguruan dauzkagun erronkarik handienak Euskal Herrikoen antzekoak dira, baina gure geografia eta inguruari egokituta. Horregatik kontuan hartzekoak dira nekazaritza eta abeltzaintzak jasango lituzketen ondorioak, tenperatura igoeraren eraginez, jakinda Aiaraldeko hainbat herri lehen sektorean oinarritzen direla.

Gure ibaien egoera ez da hoberena ezta, Nerbioi ibaiko ur-kalitatea kasu. Urteak dira konponbideak proposatu zirenetik baina arazoa mantendu egin da denboran zehar, gutxi eginda. Honekin lotuta, uholde arriskua dago. 1983ko hondamendiaren ondoren hartutako neurriek ezabatu egin zuten berriro antzeko zerbait errepikatzeko aukera, baina epe luzera aurreikusten da posiblea izango dela ibaiek duten lekua baino gehiago hartzea euri-jasen ondoren.

Esan nahi al du hau ez dagoela ezer egiterik, eta nolanahi ere desastreak joko gaituela? Ba ez, pentsatu genezake oso zaila dela aldaketa klimatikoaren eraginak txikiagotzea, baina posiblea da.
Pertsonalki ikusi egin dut munduko hainbat lekutan zer gertatu den aldaketa klimatikoak inguru bat jotzean. Hegoafrikako Lurmutur hirian, adibidez, ur falta arazo kroniko bihurtu da, ekonomia eta egonkortasun soziala apurtuz, jada arazo nahiko dituen gizarte batean. Beste alde batetik, Suedian, askoz prestatuago egotea espero genukeen herrialde batean, euri-jasek hiri bat ur azpian uzteko arriskua agertu zen, eta zentimetroengatik ez zituen urak dikeak gainditu. Bi kasuetan gertakizun larriak eman ziren, baina lehenengoan biztanleek zuzenean pairatzen ari dira ur falta eta autoritateek egoera oso arriskutsu bati aurre egin behar diote. Suediako kasuan, berriz, salbatu egin ziren eta, denbora pasatu ahala, aldaketa klimatikoaren aurreko neurri oso garestiak alde batera utzi ziren, onura zuzenik ez delako ikusten biztanleria eta erakunde politikoentzat.

Honekin erakutsi nahi dut ezinbestekoa dela aldaketa klimatikora egokitzea, bai hemen eta baita mundu osoan ere, lehenago edo beranduago. Baina herritarrek ez badute interesa erakusten aldaketa klimatikoa txikiagotzeko neurrietan, administrazioak ez dira horretan arituko arazoa hurbilegi dagoen arte. Ondorioz, saiatu gaitezen Aiaraldea aldaketa klimatikoaren aurrean erresilientea izatea, aukera berriak sortzeko, gure biztanleak eta ingurumena zainduz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide