Legionelosiaren prebentzio eta kontrolerako Edadetuen Egoitzako tutu sarea aldatuko du Urduñako udalak

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2016ko api. 15a, 08:43

Urduñako udalak Adinekoen Egoitzako egungo tutu sarea berrituko du legionelosiaren prebentzio eta kontrolerako garbitasun eta osasun irizpideei jarraiki. Idoia Aginako alkateak adierazi duenez, ez dago inolako legionela broterik. Apirilaren 1ean Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko inspekzioak Instalazioetan legionelosiaren kontrol eta prebentzio plana betetzen ari dela baieztatu zuen. Baita 2012tik legionella arriskua gutxitzeko prebentzio neurriak martxan daudela ere: purgatze maiztasunaren areagotzea, dutxetako buruen aldaketak, eta abar.


Izan ere, urteen poderioz, eraikina aintzinakoa delako, kaltetu egin dira tutuak: “Azpiegiturari dagokionez soluzio bakarra ur sare hotza giza kontsumorako eta beroa osasunerako erabiltzea da”. Haatik, 2014tik prebentzio neurri gisa garbiketa eta eraikinaren desinfektatze maiztasuna handitu egin da, egoitzaren antzinatasunagatik bi hilero egiten delarik legionellaren kontrola. 


Egoeraren aurrean Osasun Publikoaren Sailak eraikinean hainbat hobekuntza egiteko beharra azpimarratu zuen araudiak eskatzen dituen irizpide higieniko eta sanitarioak betetzen jarraitzeko. Hori dela eta, Urduñako Udalak, eraikinaren jabeak, egoitza berritzeko proiektua diseinatu eta abiatu du. Hilabete honetan, hots, apirilean aterako du obra lizitaziora, eta ekainerako azpiegitura arazoak konponduta egongo dira. Horretarako 160.000 euroko inbertsioa egingo du udalak. 


Edozelan ere Urduñako udalak gardentasunez aritzeko eta herritarrak informatuta izateko konpromisoa berretsi du. Atzo, ostegunez, Edadetuen Egoitzako langileekin bildu zen udala egoeraren berri emateko, epe oso motzean egingo diren ekintzak jakinaraziz. Ildo beretik, gaur, ostirala, familiekin harremanetan jarriko da egoitzako zuzendaritza egingo diren obrak aipatzeko. 


Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko arloari ere egoeraren berri eman dio udalak, haren inspekzio eta kontrol zerbitzuari hain zuzen, egingo diren jarduerak koordinatzeko helburuarekin. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin bildu da udala  neurri honetako inbertsioaren finantzaketaz aritzeko, Urduñakoa bezalako udal batentzat  ahalegin pisutsua baita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide