Urduñako kultura eta euskara arloek ekintzez jositako programazioa dakarte apirilaren 14tik 25era. Horien artean dago 4 eta 12 urte arteko neska-mutilei zuzendutako tailer sorta. Lehen asteko tailerrak arratsaldez izango dira, eta bigarren astekoak goiz eta arratsaldez. Partaideek denetarik egingo dute: txokolatezko pastelak, trufak, hazitegiak, jolasak, eskulanak... Apirilaren 16an, aldiz, Orozkoko igerilekuetara irteera egingo dute. Ekintza hori 6 eta 15 urte arteko haurrei zuzenduta dago.
Bestalde, apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ipuin-kontalari bat arituko da liburutegian. Aste santuko programazioari amaiera emateko, apirilaren 25ean, antzezlan batekin gozatu ahal izango dute 4 eta 8 urte bitarteko umeek.
Ekintza guztiak kultur etxean izango dira. Izen-ematea kultur etxean egin behar da apirilaren 1etik 10era. Plaza aldetik arazoak egongo balira txanda ezberdinak antolatuko lituzkete.
Aste Santua dela-eta, Gaztegunea 22tik 24ra bitartean ere irekita egongo da 17:30etik 22:00etara. Bertan, ekintza osagarriak eskainiko dira 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoentzat.