Udako igerilekuen denboraldia ekainaren 16an hasiko da. Horretarako prest egon daitezen, Urduñako Udalak apirilean hasi zituen ohiko eta urteroko mantenu lanak La Muerako instalazioetan. Ordutik, eta bi hilabetez, udal brigada lanean aritu da zuhaitzen inausketan, guneen garbiketa egiten eta aisialdi zein bainu esparruak prestatzen.
Aurten, gainera, Udalak udako igerilekuetan hainbat hobekuntza burutu ditu. 2018ko aurrekontuetan jasotzen ziren inbertsio horiek. Besteak beste, areto-futbol zelaia konpondu da, komun unisex berria egin da tabernan -gurpildun aulkietarako irisgarriagoa da- eta aldagela zein komunetako arotzeria eta lauzadura berritu dira.
Gainera, bibliopiszinak teilatu berria du, igerilekuen inguruko heskaia kendu da eta seinale guztiak ordezkatu dira: berriak dira eta elebidunak. Urte honetatik aurrera, gainera, jolas parke berria egongo da haurrentzat.
Hala ere, inbertsio garrantzitsuenetarikoa lur azpian dago, izan ere, makinaria berritu da.
Tabernaren ustiapena
Gainera, ostiralera arte -ekainak 9- zabalik egongo da igerilekuetan dagoen taberna 2018ko udan ustiatzeko eskaerak aurkezteko epea. Interesdunek informazio gehiago eskatzeko aukera izango dute Udal Bulegoetan (Zaharra, 2).