Urduñak jaso zuen atzo Bizkaiko Abesbatzen Topaketa antolatzeko betekizuna hurrengo urtera begira. Idoia Aginakok, Urduñako alkateak, Ibon Uribe Galdakaoko alkatearen eskutik jaso zuen lekukoa. Urtero egiten den hitzordu jendetsu horrek bat egingo du 2019an Urduñako Abesbatza Elkartearen 50. urteurrenarekin.
Jaiaren XXXV. edizioa Galdakaon izan zen atzo. Bizkaiko 49 abesbatzetatik bertaratutako 1.200 abeslari baino gehiagok parte hartu zuten. Egunean zehar hainbat kontzertu izan ziren eta herri bazkari erraldoi batekin bukatu zen.
