Urduñako Turismo Bulegoko datuen arabera, 2018 urtean guztira 6.551 pertsonek erabili zuten udal zerbitzua, hau da, 2017an baino %15,58 gehiagok. Azpimarratzekoa da datu horrek hobera egin duela lehenengoz 2014tik. Igoera hori udako garaian nabaritu da batez ere. 2017ko udarekin alderatuta, %20 hazi baitira datuak ekainetik irailera bitarteko epe horretan.
Planoak eta informazio orokorra eskatzeaz gain, jende gehienak natura turismoaren eta enogastronomiaren inguruko kontsultak egin ditu. Turisten gehiengoa (%47,58) Espainiar Estatutik dator, Madril eta Bartzelonatik batez ere, EAEtik etortzen direnen aurretik. Bisitari gehienak (%50,39) 45 eta 65 urte artekoak dira.
Bestetik, urtarrilaren 23 eta 24an Madrileko FITUR Turismo Azokan izan zen Urduña. Jardunaldi horiek sektoreko profesionalei zuzendutakoak dira eta, bertan, kontaktuak egiteaz gain, Ekonomia Sustapen arloko teknikariek eta Turismo Orduñako langileek beste hiri eta eskualde batzuetan garatzen ari diren proiektuen berri izateko aukera izan zuten.