Urduñako Udalak hainbat hobekuntza lan egin ditu uda honetan udal futbol zelaian eta dagoeneko prest dago denboraldi berria hasteko. Berrikuntza nabarmenena zelaiaren aldaketa den arren, aldagelak ere berritu dira. Bertan ateak ordezkatu dira eta hormak zein xafla-lanak konpondu dituzte.
Soropil berri horrek duen ezaugarrietako bat iraunkortasuna da, fibra bikoitzeko sistemari esker. Gainera, azalaren azpitik malgua eta elastikoa den geruza bat jarri da. Horri esker lurraren kontrako talkek eragindako traumatismoak eta lesioak murriztuko dira. Geruza hori, bestalde, oso eraginkorra da ura iragazteko orduan. Elurteen aurrean ere oso egokia da: gogorragoa denez azkarrago drainatzen du eta, ondorioz, elurra azkarrago kentzen da. Edozein kasutan ere, jokoaren abiadura ohikoa da.
Erreferente
Instalazio berri horri esker, Euskal Herrian erreferente izango da Urduña. Zelai mota hori Lezaman eta Zubietan bakarrik dago. Azpimarratzekoa da ere FC Barcelonaren La Masian ere badutela eta FIFAren kalifikazio gorenena duela. 2.B mailako partidak ere jokatu daitezke bertan.
Kirol anitzetarako pista
Horrez gain, Urduñako Udalak kirol anitzetarako jokalekua eraiki du udal bolatokitik gertu. Lau saski eta bi ate egongo dira bertan. Hezi batek inguratuko du gunea, baloiak kanpora atera ez daitezen eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Hirian dagoen mota horretako lehenengo pista da.