Urduñako Udalak Koroatze jaiekin lotuta mantendu duen ekintza bakarra Urdufolk jaialdia da. Izan ere, COVID-19 birusaren aurkako neurri gisa, udalak bertan behera utzi ditu urtez urte antolatu diren beste ekintzak, hala nola, marmitako eta bolo txapelketa, erraldoiak eta buruhandiak, kalejirak eta haurrentzako jolasak.
Jaialdiaren 8. edizioa osasun-agintariek birusaren hedapena geldiarazteko helburuarekin ezarritako segurtasun-neurrietara eta protokoloetara egokituko da. Aurten, egun bakarrean ospatuko da, irailaren 4an, hain zuzen ere. Musika emanaldiak eskola publikoko patioan izango dira aurten, edukiera handiagoa eduki ahal izateko. Ateen irekiera 20:00etan izango da; kontzertuen hasiera, aldiz, 20:30ean.
Iñaki Plazak eta Koldo Uriartek osatutako bandaren zein Amak taldearen kontzertuak eskainiko dira, 20:30ean eta 22:00etan hurrenez hurren.
Kultura eta musika babestu zein musikariei eta ikuskizunaren munduan lan egiten duten pertsonei modu seguruan lagundu nahi diete egokitu den ekintza honen bitartez, pandemiak kultur alor horiek gogor jo baititu.
Segurtasun-neurriak
Jaialdira bertaratzen diren herritarrek eserita gozatuko dute kontzertuez, COVID-19aren aurreko segurtasun-neurrien arabera patioan zehar banatuta egongo diren aulkietan. Unitate konbentzional bereko kideak baino ezin izango dira elkarrekin eseri, ete gehienez sei pertsonako taldeetan.
Ateen irekierari dagokionez, ilara bat egingo da, eta bertan bi metroko segurtasun-distantzia ezarriko da laguntzaile bakoitzaren artean.
Eserlekuak bete ondoren, herritarrak eserita egon beharko dira ekitaldia amaitu arte. Irten behar izanez gero, eskua altxatu beharko dute, boluntarioren bat hurbildu eta irteerara lagundu arte. Ekitaldia amaitzean, modu ordenatuan eta talde boluntarioaren argibideei jarraituz aterako dira patiotik.
Edukiera kontrolatze aldera, beharrezkoa izango da Alondegian aldez aurretik izena ematea, goizeko ordutegian. Izena emateko orduan, harremanetarako datuak eman beharko dituzte herritarrek, alde batetik, jaialdiari buruzko informazioa helarazteko eta, bestetik, birusaren agerraldiren bat egonez gero, horren jarraipena egin ahal izateko.
Osasun publikoa besteko, birusaren aurkako gomendio orokorrak eta agintariek ezarritako neurriak betetzea eskatu nahi die Urduñako Udalak urduñarrei, besteak beste, maskara uneoro erabiltzea, eskuak maiz garbitzea eta segurtasun distantzia mantentzea.
Bestelako ekintzak
Hiriko elizak, bere aldetik, ekintza batzuk antolatu ditu Koroatzearen 75. urteurrenaren omenez. Besteak beste, irailaren 6an meza nagusia eskainiko dute, 11:00etan, Santa Maria parrokian. Edukiera murriztua izango denez, streaming bidez emango dute, Otxomaioko jaietan egin zen bezala. Bigarren meza 13:00etan izango da eta Urduñako abesbatzak parte hartzea aurreikusten da.
Bestalde, irailaren 10ean, 20:00etan, berritu den organoaren inaugurazioa izango da Antzinako santutegian. Meza eta kontzertua egingo dituzte, Pedro Guallar organo-jotzailearen eta Carlos Roch tronpeta-jotzailearen eskutik. Horrez gain, hilaren 23an eta 30ean hitzaldi bana eskainiko dute.