Urduñako Udalak Bono Denda kanpaina berria jarri du martxan. Deialdi honetan, 1.800 deskontu-txartel eskainiko dira kanpainarekin bat egin duten dendetan, Udalaren Sustapen Ekonomikoko Sailak antolatuta. Hiriko merkataritzaren kontsumoa dinamizatzea eta sustatzea da helburua.
Bonu bakoitzak 25 euroko balioa izango du: 20 euro erosleak ordainduko ditu eta beste 5ak Udalaren kontura izango dira. Bonuak kanpainan parte hartzen duten saltokietan bertan eskuratu ahal dira. Horiek identifikatzeko, establezimenduen kanpoaldean kartelak jarri dituzte.
Bonuak kontsumitzeko epea 2020ko abenduan amaituko da, izakinak aldez aurretik agortzen ez badira. Edozein motatako saltokietan erabili ahal izango dira, hala nola, arrandegietan, harategietan, zapata-dendetan, arropa-dendetan, liburu-dendetan eta lurrin-dendetan. Pertsona bakoitzak gehienez 2 bonu kontsumitu ahal izango ditu, biak batera edo banan banan.