Horrela, frankismoaren biktimei eragindako kaltea arintzen, udalerriaren historia zabaltzen eta bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen balioak indartzen laguntzen du.
1937tik 1939ra, gutxienez 24 pertsona hil ziren kontzentrazio esparruan; 1939tik 1941era, bestetik, 201 lagun kartzelan.
Biktimen oroitzapean
José Gómez Aguilar, Alozainako (Malaga) nekazaria, 1941eko otsailaren 23an hil zen, Urduñako Espetxe Zentralean preso zegoela, ofizialki, sinkope kardiako baten ondorioz. Urtebete zeraman urduñar espetxean, 45 urte zituen eta ezkonduta zegoen.
Bere familiak Urduña bisitatu zuen 2019an, eta hura izan zen Memoriaren Panteoira hurbildu zen lehena, Udalak hilerriaren barruan Urduñako Espetxe Zentraleko biktima guztiak eta frankismoaren aurrean askatasuna defendatzeagatik hil zirenak oroitzeko eta omentzeko izendatutako lekua.
Salvador del Amo Jimenez (52 urte) eta Manuel del Amo Jimenez (48 urte) anaiak ere Urduñako espetxe zentralean preso zeudela hil ziren. Biak nekazariak ziren, ezkonduta zeuden eta Villagonzalon (Badajoz) jaio eta bizi ziren. Urtebete eman zuten preso, eta 1941eko martxoaren 13an eta apirilaren 5ean hil ziren, kausa ofizialaren arabera, bihotzeko arazoengatik.
Gizon hauen familiak 2014an Urduñara jo eta ordutik urtero enkargatzen ditu loreak. Foru Plazan dagoen oroitarri monolitoaren gainean jartzeko eskatu ohi du.
Bihotzeko arazoek heriotzak eragin zituztela aktetan adierazi zen arren, zalantzarik gabe, kartzelan pairatu zituzten baldintzak erabakigarriak izan ziren hiru kasuetan.
Bi familiek ilusioz itxaroten dute euren senideen gorpuzkiak udal hilerrian aurkitu eta Andaluziara eta Badajozera eramateko.