Azaroaren 13an, ostiralean, Urduñako Udalak bilera bat deitu zuen hiriko ostalaritza-sektorearekin, COVID-19ren aurkako azken arau murriztaileak indarrean sartu ondoren bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzeko eta kolektibo honi hitza emateko.
Hiriko 8 establezimendu bertaratu ziren, eta Udalarekin partekatu zituzten terrazen kudeaketari eta kaleak oinezkoentzat jartzeari buruzko proposamenak, besteak beste.
Udalak jatetxe eta tabernei jakinarazi zien lehen alarma-egoeran sektore horri laguntzeko ezarritako neurriekin jarraitzeko asmoa duela, hau da, estolderia eta zaborren tasen kobrantzaren etena mantentzea, baita terrazak instalatzeko espazio publikoa erabiltzeari buruzkoa ere.
Ostalaritza-sektorearentzako diru-laguntzen deialdi batean ari da lanean tokiko erakundea gaur egun, COVID-19 pandemiak eragindako behar ekonomikoko egoera dela eta.
Gainera, ordu eta erdi iraun zuen bilera horretan, negozioen digitalizazioa beharrezkoa dela nabarmendu zen; adibidez, egoitza elektronikoaren bidez administrazio-gaiak lantzeko eta sare sozialen bidez bezeroengana iristeko. Era berean, udalerriko agenteak Merkatarien Elkartea berriro osatzera animatu zituzten.