Apirilaren 25ean, igandean, Nafarroa aparkalekuko ingurua atontzeko eta bertan muralak margotzeko auzolanean parte hartu zuten Urduñako hogei auzokide inguruk.
Zehazki, parkinga garbitu eta hiru mural margotu zituzten: margolan bat David Hoskingek margotu zuen, beste bat Joseba Lopezek eta hirugarrena auzolanean egin zen. Horrez gain, aparkalekutik La Posadara dagoen lorategia atondu zuten herritarrek.
Itziar Biguri alkateak “oso balorazio positiboa” egin du. “Lehenengo auzolana da eta adin desberdinetako herritarrak hurbildu dira”, azaldu du alkateak. Horrekin batera, eskerrak eman nahi dizkie ekimen honetako parte-hartzaile guztiei.
Hurrengo auzolana maiatzaren azken asteburuan izango da. Hitzordua eta egingo dituzten ekintzak aurrerago iragarriko dituzte.