Maria Dolores Madaria urbanizazio-lanak burutzeko lizitazio publikoa argitaratu berri du Urduñako Udalak, zehazki, kalean zein plazan birzolatze-lanak egiteko. Interesa duten enpresa eraikitzaileek hiru asteko epea izango dute eskaintzak aurkezteko.
Aurreikusitako balioa 319.743,83 eurokoa da (gastu orokorrak, etekin industriala eta BEZa barne) eta nabarmendu beharra dago, urbanizazio-proiektu horren barruan, izaera eta finantzaketa publikoko ekintzak zein pribatuak egongo direla.
Alde publikoari dagokionez (Maria Dolores Madaria kalea bere espaloiekin eta Gran Viako espaloia), Urduñako Udalak 185.312 euro bideratuko ditu.
Pribatuari dagokionez, akordio batera iritsi da udala, bizilagunekin egindako lankidetza-hitzarmen baten bidez eta plaza urbanizatzeari dagokionez. Auzokideek %62 jarriko dute, 83.410 euro, eta udalak gainerako %38a, hau da, 51.020 euro.