Bisita Urduñara agroekologia eta horren onurak ezagutzeko, Yayo Herreroren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2021ko uzt. 7a, 12:13

SETEM Hego Haizeak bideo-erreportaje bat plazaratu du ekofeminismoaren oinarriak ezagutarazteko, Yayo Herrero aktibistari egindako elkarrizketa baten eta Urduñako Ekoizpen proiektu agroekologikoaren eskutik.

SETEM Hego Haizea GGKEk “Elikadura baino gehiago: ekofeminismoa eta agroekologia Urduñan” bideo-erreportajea aurkeztu du. Bideo hori SETEMen Youtube kanalean dago ikusgai. Ikus-entzunezko lan horretan ikertzaile, irakasle eta aktibista Yayo Herrerok eta Urduñako Ekoizpen proiektu agroekologikoaren koordinatzaile Marijo Imazek parte hartu dute.

Klima-krisiak eta covid-19aren krisiak agerian utzi dute pertsonen zaurgarritasuna eta ongizatea lortzeko elkarri lagundu beharra, zaintza-lanak nabarmenduta, eta horri naturarekiko dugun menpekotasuna gehitu zaio. Yayo Herrerok azaldu duenez, “gure existentziari eustea ahalbidetzen duten oinarri materialei bizkarra emanez garatzen dira ekonomia eta kultura”. Joera horri ekofeminismoak aurre egiten dio, feminismoaren eta naturaren arteko lotura sortzen baitu. Helburua da bizia erdian jartzen duten gizarteak sortzea, hots, biziaren jasangarritasuna lehentasuntzat jotzea.

Balio horietan oinarritutako tokiko adibide bat Ekoizpen proiektua da. Izan ere, 2006an abiarazi zenetik, Urduñako eta Aiaraldeko trantsizio agroekologikoa lortu nahi du. Ikuspegi ekofeminista osatzen dute, zeren eta, Imazek azaldu duenez, “nekazaritza-eredu industrialak guztiz baztertu du emakumea. Haatik, agroekologia baserriko eredu landatar batean oinarritzen da, zeinean baserritarrekin eskuz esku lan egiten den. Emakumeak beti arduratu dira elikaduraz eta ekoizpen agrofamiliarraz, eta proiektu handietatik baztertu egin dira”.

Proiektu horren asmoa da urte-sasoiko produktuak sustatzea eta kontsumitzaileak beren ingurura hurbiltzea. “Ekoizleak, baserritarrak eta kontsumitzaileak elkarlanean ari badira eta helburu bera lortzeko indarrak batzen badituzte, gure herriak eta gure gizartea eraldatzea lortuko da”, adierazi du Marijo Imazek, eta gure kontsumo-ereduaz gogoeta egitera animatzen du.

Bideo horren helburua da “alde batetik, agroekologiaz eta ekofeminismoaz hausnartzeko atea izan dadila, eta, bestetik, eskualdeko proiektu errealak eta baliagariak agerian jar ditzala”, adierazi du SETEMeko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako teknikari Nora Silvak. “Nekazaritzako inguruetako emakumeak ortua egiteko bestelako modua badagoela, hots, ikuspegi ekologikotik eta, gainera, feministatik, jabe daitezela nahi dugu”, gehitu du.

Ekologiaren eta feminismoaren gaineko lana da, Aiaraldean grabatu dena, eta hori aldez aurretik GGKEk Arespalditzan emakumeekin gai horri buruz egin duen topaketari gehitu zaio Arabako Foru Aldundiak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako egitasmo honetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide