Hiriko gastronomiarekin lotutako hainbat jardueraz gozatu ahal izango dute urduñarrek urritik azarora bitartean, Turismo Bulegoaren eskutik. Ekintzen izen-emateak webgunean egingo dira, bertan prezioak eta ordutegiak ere kontsulta daitezke.
Hiru ekitaldi antolatuko dira urrian. Hilaren 2an, larunbatean, 18:00etatik 21:00etara, gaueko mahats-bilketa gauzatuko da Gure Ahaleginak txakolin upeltegian, mahats-biltzaile baten zereginak ezagutzeko eta gozatzeko esperientzia enoturistikoa.
Urriaren 10ean, 17an, 24an eta 31n, igandeetan, bisita gidatuak eta txakolin dastaketak egingo dira Gure Ahaleginak upeltegian. Kasu horretan, ordutegia 11:30etik 13:00etara izango da.
Azkenik, "Urduña Onddotan" izenburupean eta urriaren 30etik azaroaren 1era bitarteko zubi mikologikoan, pintxo-ibilbidea eskainiko da ostalaritza-establezimenduetan.