Udalaren Sustapen Ekonomikoko Arloak VII. Erakusleiho Lehiaketa jarri du martxan eta, beste behin ere, Gabonetan merkataritza sektorea suspertzea da helburua, parte-hartzearen bitartez eta saltokien sormena zein irudia sustatuz.
Parte hartu nahi duten establezimenduek Udalaren Erregistro Orokorrean (Kale Zaharra, 2 behea) eman behar dute izena. Izena emateko azken eguna azaroaren 26a izango da.
Proposamenak nahitaez egongo dira ikusgai abenduaren 9tik urtarrilaren 5era arte, egun horietan epaimahaiak balorazioa egingo baitu. Beraz, erakusketak dirauen egun horietan, erakusleihoak 20:30ak arte argiztatuta egongo dira gutxienez.
Epaimahaiaren saria
Lehiaketan izena eman duten erakusleihoen balorazioa, alde batetik, epaimahai tekniko baten bitartez egingo da. Erakusleiho bakoitzari, gehienez, 40 puntu emango zaizkio: sormena eta originaltasuna (1-10 puntu), argiztapena (1-10 puntu), kromatistika – kolorearen erabilera (1-10 puntu) eta, azkenik, prestaketa eta akabera (1-10 puntu).
Kategoria honen barruan, honako sariak emango dira:
- Lehenengoa: 250 euro.
- Bigarrena: 200 euro.
- Hirugarrena: 150 euro.
Publikoaren sari berezia
Bestalde, herritarrek gustukoen duten erakusleihoari eman ahalko diote botoa. Horretarako, establezimendu parte-hartzaileen artean banatuko den boto-kupoia bete beharko dute. Herritarren boto gehien lortzen dituen saltokiak bereizgarri berezi bat jasoko du.
Kupoia bete ondoren, urduñarrek horretarako prestatutako hautetsontzietan entregatu beharko dituzte Turismo Bulegoan eta Alondegian, abenduaren 10etik urtarrilaren 5era bitartean. Pertsona bakoitzeko boto bakarra izango da baliozkoa, eta bikoiztutako botoak baliogabeak izango dira. Datu hauek agertu beharko dira kupoian: izen-abizenak, telefonoa, NANa eta erakusleiho onenaren aldeko botoa. Eremu horiek guztiak nahitaez bete beharko dira.
Boto-emaileen artean, 50 euroko 2 sariko zozka egingo da Urduñako merkatarietan saltegietarako erosketa-baleetan.