Udal hilerrian ‘Duintasunaren kolunbarioa’ sortzeko kontratuak esleitu ditu Urduñako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2021ko abe. 1a, 07:00

Horretarako, 80.000 euroko aurrekontua du Udalak (BEZa barne), Gogora Institututik datozenak. Horrez gain, 25.000 euroko diru-laguntza jaso du Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren eskutik, hilerriko nitxoak ateratzeko eta bertan dauden pertsonak exhumatu ahal izateko.

Urduñako udal hilerrian ‘Duintasunaren kolunbarioa’ eraikitzeko lanak esleitu ditu Udalak azaroaren 29an. Gune horretan, hilobitik aterako diren Gerra Zibileko biktimen gorpuak gordeko dira, gerran eta frankismoan bidegabeki hil ziren pertsonak duintzeko helburuarekin.

Lanei datozen hilabeteetan ekitea aurreikusten da. Horiek lotetan banatu dira: obra zibila, gabaiak, inprenta eta hezurtegiak. Horretarako, 80.000 euroko aurrekontua du Udalak (BEZa barne), Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institututik datozenak; partida horretan jasota daude proiektua, proiektuaren zuzendaritza eta aipatutako loteak.

Bestalde, aipatzekoa da Udalak 25.000 euroko diru-laguntza jaso duela Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren eskutik, hilerriko nitxoak ateratzeko eta bertan dauden pertsonak exhumatu ahal izateko.

Memoria historikoko jarduerak

1937. eta 1941. urteen bitartean, gerrako presoen kontzentrazio-esparrua eta espetxe zentrala ezarri ziren Urduñan, non gutxienez 225 pertsona hil ziren. Iragan horretaz jabetuta, Urduñako Udala hainbat jarduera burutzen ari da Memoria Historikoaren arloan 2011tik aurrera.

Lan adierazgarrienetako bat 2014ko abuztuan izan zen. Urduñako Espetxe Zentralean gatibu egonda hil ziren 14 pertsonaren gorpuzkiak atera izan zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak udal-hilerritik.

Oraingo honetan, Gerra Zibileko eta frankismoko biktimen eta identifikatu ezin izan direnen pertsonen duintasunaren omenez Euskadin eraikiko den bigarren kolunbarioa da, lehenengoa Bizkaian. Proiektu aitzindaria Elgoibarren inauguratu zen 2017ko urtarrilean.

Bestalde, gogoratu beharra dago 1937tik 1941era Urduñako kontzentrazio-esparruan eta hiriko espetxe nagusian faxismoaren aurka borrokatzeagatik espetxeratu zituzten pertsonei buruzko informazioa bilatzen ari diren familiei laguntzeko zerbitzua eskaintzen duela Urduñako Udalak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide