Urduñako Udalak aldaketak onartu ditu hainbat udal zergetan 2022. urteari begira

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2022ko urt. 3a, 07:00

Langile kopuruaren arabera, %95era arteko hobaria eman ahalko da enpresa-jarduerak ezartzeko, hobetzeko edo zabaltzeko obrak egiten direnean. 

Zenbait aldaketa onetsi ditu Urduñako Udalak udal zerga batzuetan, eta 2022ko urtarriletik aurrera egongo dira indarrean. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan aplikatuko dira, hain zuzen.

Instalazio, eraikuntza eta obrak

Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergaren kasuan, hainbat hobari onartu dira. Abiapuntutzat hartu da Hirigune Historikoa Birgaitze Orokorreko Eremuaren barruan dagoenez, zerga hori %1ekoa dela bertan, eta kanpoko eremuetan, berriz, %5ekoa. Horrenbestez, eremu zaharretik kanpo baino ez dira aplikatuko zerga honi dagozkion hobariak.

Esaterako, %95era arteko hobaria eman ahalko da enpresa-jarduerak ezartzeko, hobetzeko edo zabaltzeko obrak egiten direnean,  enpresa berriak izan ala ez. Jarduera ekonomikoari zuzenean atxikitako langile kopuruaren arabera aplikatuko zaio hobaria zerga honi, betiere udalerrian kokatutako enpresak baldin badira.

Hobari hori jasotzeko, establezimendu berri batean edo aurretik irekitako batean, lan-kontratua duten lanpostuen kopurua honako hau izan beharko da:

  • Langile 1etik 2ra: kuotaren %25eko hobaria.
  • 3 eta 4 langile artean: kuotaren %45eko hobaria.
  • 5 eta 10 langile artean: kuotaren %65eko hobaria.
  • 11 eta 19 langile artean: kuotaren %85eko hobaria.
  • 20 langile edo gehiago: kuotaren %95eko hobaria.

Bestalde, %30eko hobaria emango zaie Hirigune Historikotik kanpo dauden eta lehen aldiz igogailua instalatuko duten etxebizitza-komunitateei, bai eta irisgarritasun-baldintzak hobetzeko edo atarietako zutabe arkitektonikoak kentzeko obrak egingo dituztenei ere.

Eraikuntzaren energia-eraginkortasuna hobetzeko obretan, hobaria %30era artekoa izango da. Kasu horietan, A letrako adierazle globala lortzen badute, %30 aplikatuko da. B letrara iristen diren jarduketek, ordea, %20ko hobaria izango dute; C letrara heltzen badira, %15ekoa; eta, azkenik, D letraren hobaria % 10ekoa izango da.

Azkenik, %30eko hobaria lortu ahal izango da eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatzen direnean, indarrean dagoen araudi teknikoagatik nahitaez ezarri behar diren kasuetan izan ezik.

Trakzio mekanikoko ibilgailuei buruz

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, garraiobide iraunkorrenen aldeko aldaketa egin da. Motor hibridoko ibilgailuek eta gas naturala, petrolioaren gas likidotuak edo bioetanola erregai gisa erabiltzen dutenek %50eko hobaria izango dute. Motor elektrikoa dutenek, aldiz, hobari handiagoa izango dute, zehazki, kuotaren %75.

Amaitzeko, azpimarratzekoa da antzinako ibilgailuak sustatzeko eta hedatzeko hobariaren beherakada. 25 urtetik gorako ibilgailuen hobaria %100etik %50era jaistea erabaki dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide