Foru Plazako baldosak ordezkatuko ditu Urduñako Udalak urtarrilaren erdialdetik aurrera, espaloia birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzera aldera. Egungo harrizko baldosen ordez, material bereziko lauza ez-labaingarriak instalatuko dira; horien arteko errodadura, ordea, mantenduko da. Obra hauek hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusi du Obra eta Zerbitzuen arloak.
Faseka antolatuko dira lanak: 1. fasean, Alondegia Gizarte Etxetik Kutxabank bulegorako ibilbidea konponduko da; 2. fasean, aldiz, Foru Plazako gainerako eremua egokituko dute, Antzinako Andra Mari ikastetxetik hasita.
Lehenengo fasea urtarrilaren 17an abiatuko da eta, hori amaitu arte, ezingo da Kantarranas, Barria eta Burgos kaleetatik Foru Plazara sartu. Kale horietarako sarrera eta irteera La Posada kaletik egin beharko da. Hori dela eta, Udalak gomendatzen du ibilgailuak oso kasu jakinetan baino ez sartzea kale horietara, egoerak hala eskatzen duenean.
Prozedura bera jarraituko da bi fasetan. Lehenik eta behin, egoera txarrean dauden baldosak altxatuko dira eta, jarraian, eremua asfaltatuko da. Ondoren, asfaltoz osatutako base solidoaren gainetik baldosa berriak kokatuko dituzte. Aipatu bezala, ez dira irristagarriak izango, ohiko harrizko materiala alde batera utzi baita. Era berean, obra honen bidez Foru Plazako hainbat irisgarritasun-arazo konponduko dira, adibidez, Josefinoen aurreko eskaileren gunean.
Obrak lizitazio publiko bidez esleitu dira Asfaltados y construcciones Morga enpresari, 185.900 euroko prezioan. Lan horiek finantzatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eskaintzen duen kreditua baliatu du udalak.