Euskara babesteko 365 eguneko auzolana

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Euskara Batzordea 2022ko urt. 19a, 06:00

Urduñako Udalbatzak Euskaraldian eginiko argazki bat. / Urduñako Udala

Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.

Ilusioa eta elkarlana, inork garai likidotzat definitu dituen gure gaurko hauek euskaltzaletasunez borborka jartzeko. Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez.

Ugari izan dira eta dira han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak. Hor dugu euskarak elikagai ezinbestekoa duen euskaldun berri andana itzela. Hor ditugu seme-alabak euskaraz ikas dezaten nahi izan duten guraso erdaldunak. Hor ditugu dakiten euskara ezpainetan dantzatzen ahalegintzen direnak... Zenbat halako azken hamarkadotan: zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea.

Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.

Musikari bakar batek ezin du orkestra oso baten doinua aldatu, zuzendariaren eta gainontzeko musikarien laguntza gabe. Euskal hiztun bakar batek nekez aldatuko ditu hizkuntza ohiturak, gizartearen babesik izan ezean.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatu behar: euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimenak. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak.

Malgutasunez. Herri bakoitzaren errealitatera egokituz. Tokiko eragileekin urratsak adostuz. Parte hartzaile guztiak ahaldunduz.

Auzolana da bide bakarra. Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa izango da ala ez da izango. Euskara auzolana baita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide