Kale Barria, Burgos Kalea eta Kantarranas kaleetako trafiko norabidea aldatuko da urtarrilaren 31tik aurrera Foru Plazako obrak direla eta. Ezin izango da Kantarranas, Barria eta Burgos kaleetatik Foru Plazara sartu, plazatik ateratzeko baino ez dituzte igaroko kale horiek ibilgailuek.
Bestalde, Kale Zaharra, Orruño eta Frankos Kalea trafikora itxita egongo dira bihartik aurrera, otsailaren 2tik aurrera.
Aipatzekoa da, gainera, Antzinako Andra Mari Ikastetxearen parean dagoen galtzada, Harategi Kalea, Burdin Kalea eta Artekale ere trafikora itxita daudela.
Foru Plazako obrak
Plazako baldosak ordezkatuko ditu Urduñako Udalak, espaloia birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzera aldera. Egungo harrizko baldosen ordez, material bereziko lauza ez-labaingarriak instalatuko dira; horien arteko errodadura, ordea, mantenduko da. Obra hauek hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusi du Obra eta Zerbitzuen arloak.
Faseka antolatuko dira lanak: 1. fasean, Alondegia Gizarte Etxetik Kutxabank bulegorako ibilbidea konponduko da; 2. fasean, aldiz, Foru Plazako gainerako eremua egokituko dute, Antzinako Andra Mari ikastetxetik hasita.
Prozedura bera jarraituko da bi fasetan. Lehenik eta behin, egoera txarrean dauden baldosak altxatuko dira eta, jarraian, eremua asfaltatuko da. Ondoren, asfaltoz osatutako base solidoaren gainetik baldosa berriak kokatuko dituzte. Aipatu bezala, ez dira irristagarriak izango, ohiko harrizko materiala alde batera utzi baita. Era berean, obra honen bidez Foru Plazako hainbat irisgarritasun-arazo konponduko dira, adibidez, Josefinoen aurreko eskaileren gunean.
Obrak lizitazio publiko bidez esleitu dira Asfaltados y construcciones Morga enpresari, 185.900 euroko prezioan. Lan horiek finantzatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eskaintzen duen kreditua baliatu du udalak.