Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Aintzane Ezenarrok, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, Duintasunaren Kolunbarioa bisitatu dute gaur, martxoaren 9an, Urduñako udalerrian.
Bertan Urduñako alkatea, Itziar Biguri, eta udal ordezkariak ere egon dira presente. Bizkaian eraikiko den lehen ‘Duintasunaren kolunbarioa’ izango da Urduñakoa, bigarrena Euskadin, aitzindaria Elgoibarrekoa izanik.
Udal hilerriaren kanpoaldean kokatuko den gune horretan, bertoko hobietatik aterako dituzten Gerra Zibileko biktimen gorpuak gordeko dituzte, gerran eta frankismoan bidegabeki hil ziren pertsonak duintzeko helburuarekin.
Hasiera batean, eremuan Gerra Zibilean izan ziren presoen esparruko 14 gorpuak hartuko ditu; gorpu horiek Urduñako hilerrian bertan atera zituen lurpetik, 2014. urtean, Aranzadiko talde batek.
Obrak apirilaren lehenengo hamostaldian amaitzea aurreikusi du Urduñako Udalaren Obrak eta Zerbitzuak arloak. Une honetan, hormigoizko zoladura jartzen ari da, bertan hezurtegiak kokatzeko. Hezurtegiak inguratuko dituzten gabioiak dagoeneko instalatu dituzte.
Hurrengo jarduerak
Behin lehenengo faseak amaituta, Iñigo Arregi artistaren 'Duintasuna' eskultura instalatuko dute, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak finantzatuta. Aipatu beharra dago Arregik Elgoibargo Duintasunaren Kolunbario aitzindariko eskultura ere diseinatu zuela.
Lanak lotetan banatu dituzte: obra zibila, gabioiak, inprenta eta hezurtegiak. Horretarako, 80.000 euroko aurrekontua du Udalak (BEZa barne), Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institututik datozenak; partida horretan jasota daude proiektua, proiektuaren zuzendaritza eta aipatutako loteak.