Urduñako eta Villalba de Losako udalek Txarlazoko Monumentuko patologiak aztertu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2022ko api. 4a, 14:17

Argazkia: Jorge Ugalde Madaria

Landa-azterketa hauetan oinarrituta, Antzinako Andra Mariren monumentuaren egoerak berehalako birgaitzea eskatzen duela egiaztatu dute udalek.

Urduñako eta Villalba de Losako udalek Txarlazoko Monumentuaren egoerari buruzko azterlana burutu dute, horren patologiak aztertzeko eta, horrela, etorkizunean luiziak eta herritarrei eragin ahal dizkieten arriskuak saihesteko. Monumentua birgaitzeko abiatuko den proiektuaren oinarria izango da azterketa hau.

Landa-azterketa hauetan oinarrituta, Antzinako Andra Mariren monumentuaren egoerak berehalako birgaitzea eskatzen duela egiaztatu dute udalek, narriaduraren abiadura saihesteko eta arriskuak ez larriagotzeko, hain zuzen. Izan ere, monumentuaren egiturak ur-iragazki ugari ditu, eguraldi euritsuak eragindakoak, eta horren kanpoaldeko mantua da narriadurarik handiena duen elementua.

Azterketa hau bi udalek finantzatu dute, bakoitzak 5.150 euroko aurrekontuarekin, 10.300 euro guztira (BEZik gabe), eta IETcc-CSICeko Armaduren Korrosio eta Egitura Segurtasuneko Taldeak gauzatu du, hormigoi armatuaren korrosioaren eta iraunkortasunaren esparruan aditua denak.

Monumentu honen hormigoi armatuak dituen patologiak aztertzeko egindako lanen artean, lehenengoa egituraren ikuskapen bisuala izan da; horretan, egituraren egoera eta narriadura-maila aztertu dira.

Era berean, neurketa elektrokimikoak egin dituzte, egituraren korrosio-egoera ezagutzeko. Zehazki, honako alderdi hauek aztertu dituzte: korrosio-potentziala, korrosioa gertatzen ari den abiadura eta erresistibitatea. Hainbat puntutan egin dituzte neurketa elektrokimikoak, eta horiek ikusizko ikuskapenean hautatu dituzte.

Osagarri gisa, 2 zentimetroko diametroko zuloak egin dituzte monumentuaren armadura ukitzen duten hainbat puntutan, karbonatazio-entseguak egiteko eta degradazio-fronte posible bat identifikatzeko.

Landa-azterketan abiatutako korrosio-neurrien bidez, eremu bakoitzean esku hartzeko premia aztertuko da, bai eta parametro teknikoen arabera egokienak izan daitezkeen konponketa-metodoak ere.

Analisi hau amaitu ondoren, laborategiko saiakuntzak egingo dituzte. Besteak beste, ondorengoak egingo dira: kloruroen profil bat, substantzia kimiko horren presentziagatik narriadurarik ez dagoela baztertzeko; hormigoiaren analisi mikroestruktural bat, sulfatoen presentzia, erreakzio agregatu-alkaliak edo propietate fisiko-kimikoen galera antzemateko; eta auskultazio-txostena, landa-emaitzetan eta aurreko saiakuntzetan oinarrituta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide