Eva Isasik eta Efren G. Frechillak lagatutako bi koadroen zozketa burutu du gaur, apirilaren 29an, Urduñako Loraldi emakumeen elkarteak, Txernobil Ekartea Elkartearentzat dirua biltzeko, Ukrainari laguntzeko abian duen kanpainaren barruan, hain zuzen. Txartelak salduz lortutako diru guztia elkarte horri emango zaio.
Zozketa Alondegia Gizarte Etxean egin da, 12:00etan, eta bertan Loraldiko hainbat kidek parte hartu dute, baita margolan baten egileak berak ere. Izan ere, Eva Isasi margolaria txartel irabazleak poltsatik ateratzeaz arduratu da.
Irabazleek maiatzaren bukaeran jasoko dituzte koadroak, Loraldi elkartearen lokalean. Koadroek 300 euro baino gehiagoko balioa dute.

