Uztailaren 28an, osteguna, 11:00etan, Duintasunaren Kolunbarioaren inaugurazioa izango da Urduñako udal hilerrian. Bertan, Gerra Zibileko eta frankismoaren 15 biktimen gorpuzkiak hobiratuko dituzte berriro. Horietako 14 Urduñako Espetxe Zentral zaharrean hil ziren eta 2014an hilerritik atera zituzten.
Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da 1937 eta 1941 bitartean gutxienez 225 pertsona zendu zirela Urduñan ezarritako gerrako presoen kontzentrazio-esparruan eta espetxe zentralean.
Udalak 80.000 euroko aurrekontua (BEZa barne) jaso du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institututik kolunbario hau eraikitzeko.
Aurrekariak
Francisco Etxebarria antropologo forentsea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Lourdes Herrasti Historiako doktorea buru zituen taldeak txosten bat aurkeztu zuen 2014an, Urduñako Espetxe Zentralean gatibu zeudela hil ziren 14 biktima hobitik ateratzeari buruz.
Dokumentu horretan, hilerriaren eskuinaldeko horma-hobiak eraiki ziren lursailaren azpian antzeko lurperatze gehiago egoteko aukera jaso zuten.
Ondorioz, eremu horretako 204 nitxoren hileta-eskubideen emakidak azkentzea erabaki zuen Udalak 2017an, frankismoaren errepresioaren biktimen gorpuzkiak aurkitzeko, berreskuratzeko eta identifikatzeko lanak errazteko.
Ezkerreko korredoreetako bigarren prospekzio batean, 2021eko irailean, Aranzadik baztertu egin zuen bertan Espetxe Zentraleko presoen gorpuzkiak zeudela. Hala ere, banakako ehorzketak egon zirela egiaztatu zen, eta horien gorpuzkiak uneren batean beste leku batera eraman zirela; hala ere, ez dakite horiek espetxeko biktimekin bat datozen.
Orain, 2022an, Udalak 96 horma-hobi kendu dituzte hilerriaren eskuinaldetik (310-405 zk.), eta gorpuzkiak barrunbe berrietara eraman dituzte, azpian egon daitezkeen presoen hezurrak hobitik ateratzeko. Udal eta Probintzien Espainiako Federazioaren (FEMP) aldetik 25.000 euroko diru-laguntza jaso du tokiko erakundeak azken ekintza horietarako.
Udalaren esker ona
Udalak eskerrak eman nahi dizkie Urduñako familiei euren laguntza eta enpatiagatik; izan ere, haien senideengorpuzkiak lekualdatzeko baimena eman dute horien azpian egon daitezkeenak lurpetik ateratzeko eta Duintasunaren Kolunbarioan sartu ahal izateko.