Urdufolk jaialdiaren 10. edizioa irailaren 1etik 4ra bitartean izango da, ‘Urdufolk, jaialditik haratago’ lelopean. Aurtengo helburuetako bat emakumeak erdigunean jartzea da. Izan ere, jaialdian joko duten talde guztiak emakumeez osatuta edo emakumeek lideratutakoak dira.
Tokiko eragile ugarirekin batera, Udalaren Berdintasuna, Euskara, Kultura, Ekoizpen eta Turismoa arloek jaialdi hau hiriko ekosistema turistikoan murgiltzen lagundu dute, iraunkortasuna, kultura-aniztasuna, genero-berdintasuna, ondarearen balioa, ostalaritza-sektorearen dinamizazioa eta tokiko kontsumoa bultzatuz.
Lau eguneko egitaraua
Antolatutako ekintza guztiak doakoak izango dira. Egitaraua irailaren 1ean, osteguna abiatuko da. Euskal musika tresnen kontzertu didaktikoa eskainiko dute familientzat Iñaki Plazak eta Ion Garmendiak. Udal igerilekuetan izango da lehenengo ekintza hori, 17:30etik aurrera; eguraldi euritsua eginez gero, Eskola Publikoaren gimnasioan.
Hurrengo egunean, irailaren 2an, ostirala, Cuañako (Asturias) El Trasno gaiten bandak kalejira egingo du Urduñako kaleetatik 19:30ean. Horren ostean, 21:00etan, Judit Neddermann kantautore katalanaren zein txa-txa-txa, saltsa, timba eta musika urbanoa jorratzen dituen Las Karamba taldearen kontzertuetaz gozatuko du publikoak Foru Plazan. Jarraian, Dj Urdufolk gaua girotzeaz arduratuko da.
Larunbatean, hilaren 3an, El Trasno gaitarien musikaz beteko dira berriro kaleak, kasu honetan, 13:00etatik aurrera. Arratsaldean, ‘Txistuaren historia, “orduñar erara”’ hitzaldia eta mahai-ingurua girotuko du Koldo Ulibarri txistulari urduñarrak, 17:30ean Alondegia Gizarte Etxean. Amaitzeko, 21:00etatik aurrera, Kuttune, euskal musika iberiar, afrikar, mediterranear, erdialdeko Asiako eta Kubako musikekin bat egiten duen taldea, eta Bartzelonako Las Migas taldea, flamenkoa, jazza eta rumba fusionatzen dituena, Foru Plazako eszenatokira igoko dira eta, beste behin ere, Dj Urdufolkek itxiko du gaua.
Azkenik, irailaren 4an, igandea, Txomin & Txistuman Deskontzertuaren kontzertu antzeztuak amaiera emango dio jaialdiari, 17:30ean Foru Plazan. Haurrei zuzendutako ikuskizuna da, munduko instrumentu tradizionalak ezagutzeko aukera ematen duena.
Zozketa
Urduñako Turismo Bulegoak bi zozketa abiatuko ditu jaialdiaren inguruan. Lehenengoa dagoeneko hasi da eta uztailaren 31ra arte parte hartu ahal izango da; horren barruan, hurrengo sariak banatuko dituzte: bi gau Urduñako apartamentu turistiko batean eta bisita gidatu bat Hirigune Historikoan barrena. Lau lagunentzat dira sari horiek. Bigarren zozketa abuztuaren 1ean jarriko da martxan.
Bi zozketetan parte hartzeko legezko oinarriak eta jarraibideak tokiko Turismo Bulegoaren Instagram kontuan (@ordunaturismo) daude.