2022ko Asteklima dela eta, eta 'Urduña 0.0' proiektutik abian jartzen ari dituzten ekimenen barruan, udalerri horretako udal-korporazio osoak ingurumenaren aldeko kontratu bat sinatu du; horren bidez, per capita elikagaien xahuketa erdira murrizteko konpromisoa hartu dute, NBEk 2030erako ezarritako helburuekin bat etorriz.
Horrela, sinbolikoki bada ere, Urduña da Euskadiko lehen herria non bertako biztanle guztiak xahuketaren aurkako kontratu bat sinatzera deituta dauden. Kontratu horren bidez, elikagai-xahuketa murrizteko eman beharreko pausoak jasotzen dira.
Kontratu hau sinatzearen truke, elikadura- eta kontsumo-eredu bidezkoago bat bultzatzen da, datorren belaunaldiek topatuko duten planeta babesteko.
Herritarrek, klubek, elkarteek, merkatariek, gizarte-eragileek zein jatetxeen eta ostalaritzaren sektoreak agiri hau sinatu ahal izango dute 2022ko Asteklima ospakizunean, baita Urduña “0 xahuketa” izeneko lehen udalerri bihurtu ere.
Kontratuak jasotzen dituen konpromiso zehatzen artean, honako hauek daude: elikagaien erosketak ondo planifikatzea, janaria prestatzerakoan gehiegikeria saihestea, narriadura saihesteko beharrezko bitartekoak jartzea, 0 km-ko produktuen aldeko apustua egitea eta material berrerabilgarriak erabiltzea.
Ekimena premiazkoa da kontsumitzeko eta elikatzeko jarraibideak aldatzeko, eta, horrela, egungo nekazaritzako elikagaien sistemak sortzen dituen berotegi-efektuko emisioak murrizteko; kalkuluen arabera, planetan sortzen diren isurketa globalen % 37 dira emisio horiek.
Era berean, kontratu hau sinatzen duen pertsona orok basa-loreen hazi-ponpa bat jasoko du trukean, eremu handietako landarediak karbono-hustubide natural gisa funtzionatzen baitu berotegi-efektuko gasen kontzentrazioak ezabatzeko.
Urduñako udalbatzak lehen urratsa eman du 2022ko Astekliman, eta orain gizarte-eragile, erakunde eta herritar guztiak arduratuko dira kontratu hau sinatzen jarraitzeaz, garapen iraunkorrago baterantz eta planeta hobe baterantz aurrera egiteko.