Urduñako Udalak asteartean zabaldu zituen Landata eta Dolores Madaria auzoetako hiri-berroneratze integralerako proiektuei buruz eta hobekuntzak egiteko auzokideek eskura ditzaketen dirulaguntzei buruz datozen hilabeteotan interesdunei informazioa eta laguntza emango dieten bi auzo-bulegoak, Opengela ereduari jarraituz. Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea eta Itziar Biguri herriko alkatea asteartean izan ziren bi aholkularitza-bulegoetan, eta auzoetan proiektuekin jada lanean ari direla egiaztatu ahal izan zuten.
Proiektu horiek Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako 1,65 milioi euroko dirulaguntza zuzena izango dute bi auzoen hiri-berroneratze integralerako. Finantzazio hori behar handieneko eskualdeak edo Lehentasunez Jarduteko Eremuak (LJE) sustatzeko Berpiztu programaren ezohiko aurrekontu-programan sartuta dago.
Helburua da dirulaguntzen bidez laguntzea eraikinak berritzen irisgarritasunaren (igogailuak), segurtasunaren, bizigarritasunaren (kanpoko guneak sortzea, etab.) edo energia-efizientziaren (energia berriztagarrien iturriak instalatzea, isolamendua eta konfort termikoa hobetzea, etab.) arloan. Parte hartzeko interesa dutenak gaurtik aurrera hurbildu daitezke Opengela Europako proiektuan garatutako metodologiari jarraitzen dioten auzo-bulego horietara, eta jada Euskadi osoko 21 udalerritara hedatu da eredua zaurgarritzat jo diren hiri-inguruneak hobetzeko.
De los Toyos sailburuordeak adierazi duenez, “Euskadiko biztanleriaren % 30 inguru eraikinen bizigarritasun-baldintzak eta eraikin horietan bizi direnen egoera sozioekonomikoa dela-eta zaurgarritzat jotzen diren auzoetan bizi da; Eusko Jaurlaritzaren ustez oinarrizkoa da auzokide eta familia horiei laguntzea, gure auzo, herri eta hiriak hobetu eta gara daitezen eta klima-aldaketarena bezalako erronkei aurre egiteko presta daitezen, edozein tokitan daudela ere eta dauzkaten aukera ekonomikoak dauzkatela ere”.
Bestalde, Itziar Biguri Urduñako alkateak nabarmendu duenez, “Urduña egoera okerrenean dauden eremuetako batzuk birgaitzeko proiektu berri batean murgildu da”, eta “lan asko dago egiteko herriko leku ezberdinetan, baina nonbaitetik hasi behar genuen”, ñabartu du.
Kasu honetan, Dolores Madaria eta Landata auzoak izango dira bultzada hori jasotzen lehenak. Bi auzoak 60ko hamarkadan eraiki zituzten, eta urte hauetan zehar ez zaie inolako hobekuntzarik egin. Guztira 158 familia bizi dira auzo horietan (Maria Dolores Madaria auzoan 90 eta Landatan 68).
Alkateak nabarmendu duenez, “birgaitzea da gure eraikinetako energia-efizientzia hobetzeko eta, bide batez, emisioak jaisteko eta berotze globala geldiaraztea lortzeko aukera bakarra, baina gure bizi-kalitatea bizigarritasunaren, irisgarritasunaren eta konfortaren ikuspegitik hobetzeko aukerarik onena ere bada”.
“Jabe guztiek eskuratu ahal izango dute informazioa, ez dugu nahi inor informaziorik gabe geratzea, eta, horretarako, finka-aholkulariekin, auzokideen presidenteekin lan egingo da eta bilerak, informazioa emateko biltzarrak, eta abar egingo dira. Telefono bidezko atez ateko bat ere egingo dugu auzokide guztiek izan dezaten informazioa; izan ere, informazioa da erabakiaren oinarria halako proiektu batean, eta pertsona guztiek merezi dute gure ahalegina”, esan du amaitzeko.