Urduña, urtez urte, Otxomaioko jaietan euskararen presentzia areagotzeko aurrera pausu desberdinak ematen saiatzen ari da. Besteak beste, musika kontzertuen euskarazko eskaintza handitu da; urtero, ostalariei zuzendutako kanpaina egiten da, eta iaz txosna guneko hizkuntza-irizpideak landu ziren, idatzizko zein ahozko elementuetan euskararen presentzia bultzatzearren.
Aurten, jaietako ekintza desberdinetan komunikazio elebiduna bermatu nahi da. Jaien egitarauaren barruko ekitaldiak urteko jendetsuenak izan ohi dira, eta horregatik, oso garrantzitsua da euskarak ere bere presentzia izatea bertan. Ekimen berritzaile honi esker, euskararen normalizazioan aurrera pausu garrantzitsuak eman daitezke.
Hori dela-eta, interesa duten herritar euskaldunak ekimen honetan parte hartzera animatu nahi ditu udalak.
Udalaren ustez, urduñarrek eta bereziki udalerriko kirol eta kultur-elkarteek inork baino hobeto dinamizatu ditzakete jarduera jakin batzuk, izan ere, Otxomaioko jaiak gertutik bizi dituzte, inplikatzen dira, eta ondo baino hobeto ezagutzen dituzte elkarte sarea, programazio ezberdinak, tradizioak eta, batez ere, urduñarrak.
Interesa duten herritar euskaldunak edota elkarteak Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke apirilaren 20a baino lehen telefono honetan: 945 38 30 03 (luzapena: 52).