Memoria ibilbidea egin da Askuren mendira (San Pedro) igotzeko. Proiektua Amurrioko eta Uskabizko udalekin elkarlanean egin da, baita Orbela enpresaren laguntzarekin ere. Enpresa horrek Gerra Zibilaren Memoria Historikoa berreskuratzeko lan ugari egin ditu. Gogora Institutuaren laguntza ere izan du.
Memoria historikoa berrekuratzeko Askuren (San Pedro) mendira igotzeko ibilbidea sarea egin dute. Urduñatik, Aloriatik eta Uzkianotik abiatzeko aukera dago. Ibilbidea ondo adierazteko hainbat metodo erabili dira: balizak, pintura markak, geziak eta hasierako panelak.
Aipatutako memoria ibilbidea 2020. urtean seinalizatu zen. Uzkianotik hasitako Askurenera igotzen da, Lezama (Amurrio) eta Urduñatik igarota, modu horretan, 3 herri eta bi lurralde historiko batzen ditu ibilbideak. Gerra zibileko Memoria Historikoaren aldeko erraminta garrantzitsua da ibilbidea. 2021ean, Urduñako alde zaharra, Aloriarekin eta Askurenekin lotzen dituen konexio-bidea diseinatu zen eta seinaliztapenak eta eskuliburu informatiboa ere prestatu ziren.
Amurrio eta Urduña arteko eremu hori euskal frontean hobekien kontserbatu den gudu-zelaietako bat da. Gure oraintsuko historiaren zati bat da, oroimen-lekua, iragana ezagutzeko eta gerrak eta askatasunaren galerak dakartenaz jabetzeko. Hasieran matxinatutako tropek okupatu zuten, baina geroago Errepublikaren aldeko indarrek berreskuratu eta gotortu zuten. Urduñako, Amurrioko eta Urkabustaizko udalek indusketa arkeologikoko hainbat kanpaina bultzatu ondoren, gerrako posizioak aztertu, dokumentatu eta baloratzeko lan integrala egin da, eta Errepublikaren
defentsa-sistema osatzen duten egituren azterketa topografikoa ere bai: lubakia, zementuzko gotorlekuak, babeslekuak, tiratzaile-putzuak eta 40 metro baino gehiagoko luzera duen galeria bat.
1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ondoren, euskal lurraldean bi bando zeuden. Arabako iparraldean frontea finkatu zen, eta ondorioz, Urkabustaiz, Urduña eta Lezama (1976an Amurrioko parte izatera pasatuko zena) bezalako herriak gerraeremu bateko normaltasun ezara egokitu behar izan ziren. Frontea egonkortu egin zen, eta Bizkaiaren kontrako eraso nagusia hasi zen arte, errepublikarrek Askuren (San Pedro) mendiko posizioei eutsi zieten. Askurengo (San Pedro) Memoria Ibilbideak 1936ko altxamendu militarra pairatu zuten pertsonen duintasuna eta oroimena berreskuratu nahi ditu. Defentsa antolatu zen mendietara bisita eginez, ezagutzera eman nahi da hilabete luzeetan gerraren bidegabekeria bizi behar izan zuten herrien historia. Garai hartako pertsonen historia ere ezagutarazi nahi da: frontea euren etxeetara hurbildu zenean leku seguruago baten bila abiatu zirenena zein euren senide maiteenak erbestera bidali behar izan zituztenena ere.