Urduñako Udalak, Kultura Sailaren bitartez eta Inauteri Festarako programatutako ekitaldien barruan, 2026ko Mozorro Lehiaketa antolatu du otsailaren 14rako, oinarriak hauek izanda. Lehiaketan parte hartu ahal izango dute, adin-mugarik gabe, izena eman duten taldeek edo norbanakoek. Urtarrilaren 19tik otsailaren 12ra eman ahal izango da izena lehiaketan: aurrez aurre 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara Alondegia Gizarte Etxean.
Taldean edo bakarrik parte hartu daiteke. Taldeak gutxienez 3 pertsonaz osatutakoak izango dira. Mozorro-lehiaketa otsailaren 14an, larunbata, izango da, 18:30etik aurrera. Desfilea Foru Plazatik abiatuko da eta lehiaketan izena emateak mozorrotutako pertsonen irudia erabiltzeko baimena ematen dio antolakuntzari
Parte-hartzaile bakoitzak kategoria bakarrean eman ahal izango du izena, eta ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Eszenaratzean abesti jakin bat erabili nahi duten parte-hartzaileek, pendrive batean entregatu beharko dute izena ematerakoan, soinu-arduradunak pista presta dezan. Banakako emanaldi bakoitzak minutu bat iraungo du gehienez eta taldekoak, hiru minutu.
Kategoria ezberdinak egongo dira, bakoitzak sari batekin. A KATEGORIA / Helduak (> 25 urte) 100€-ko hiru sari banatuko dira. B KATEGORIA / Gazteak (14-24 urte) 100€-ko hiru sari banatuko dira eta C KATEGORIA / Haurrak (0-13 urte) hiru sari, udalerriko ostalaritzako establezimendu batean askaldu edo afaltzeko.
Epaimahaia hiru pertsonek osatuko dute, Urduñako Udaleko Kultura Arloak zehaztuak. Honako balorazio-irizpide hauek kontuan hartuta puntuatuko dute, bakoitzean 1etik 10era arteko puntuazioa emanez: a) Mozorroaren originaltasuna, ikusgarritasuna eta sormena. b) Jantzi eta makillajearen egitea eta akabera ematea. c) Koreografia (koordinazioa eta konplexutasuna). d) Erritmoa, sinkronizazioa, akustika eta sonoritatea. Lehiaketaren erabakia balorazio bakoitzaren batuketa aritmetikoaren emaitza izango da, eta desfilea amaitu ondoren argitaratuko da. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
Sariak banku-transferentzia bidez ordainduko dira, eskabidea udal erregistroan aurkeztu ondoren, telematikoki, aurrez aurre, Zaharra 2-4ko herritarren arretarako bulegoan, beste administrazio batzuen erregistroaren bidez edo posta arruntaz. Ezinbesteko baldintza izango da eskaera-orria saria ordaintzeko (Urduñako Udalak emana), NAN-aren kopia, irabazle gisa akreditatuko duena, saridunaren banku-datuen hirugarren fitxa eredua (Urduñako Udalak emana), banketxeak bete eta osatua (soilik Urduñako Udalarekin lehen aldiz erlazionatzen direnean edo dauden datuak aldatu nahi dituztenean emango da).