Urduñako Udalak gaur goizean egin den osoko bilkura berezian 2026ko aurrekontu bateratuari hasierako onespena eman dio. Guztira 10.334.397,73 euroko zenbatekoa du, eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak mantendu eta hobetzea ahalbidetuko du. “Kontu hauek proiektu errealista eta arduratsua dira; zerbitzu publikoak indartzea, gizarte-kohesioa sustatzea eta gure herriak behar dituen inbertsioetan aurrera egiten jarraitzea dute helburu”, azaldu du Iker Santocildes alkateak.
Aurrekontu honen bidez, EAJ-PNVko udal gobernuak herritarren eguneroko bizitzan eragin handiena duten arloei lehentasuna eman nahi die. Hori dela eta, aurten ere adinekoei edo premia bereziak dituzten pertsonei arreta ematen dien Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua indartzen jarraituko du Udalak (255.000 euro), eta une zailak bizi dituzten familientzako gizarte-larrialdietarako laguntzak mantenduko ditu (105.653 euro).
Era berean, Iker Santocildesen taldeak hezkuntza-, psikologia- eta komunitate-programak babesten jarraituko du gizarte- eta hezkuntza-esku-hartze zerbitzuaren bidez; horretarako, 100.000 euro bideratuko dira.
Halaber, Gazteria, Kultura, Hezkuntza eta Euskara arloek garrantzi berezia izango dute; milioi bat euro baino gehiago bideratuko dira kultur eta jai jardueretara, gazteei zuzendutako proiektuetara —hala nola, 250.000 euroko zuzkidura duen emantzipazio programara— eta euskara sustatzeko hainbat ekimenetara, komunitate-bizitza eta tokiko nortasuna indartzeko.
Bizi-kalitatea hobetzea
Gastuen kapituluari dagokionez, Udalak argi du bere apustua: udal zerbitzuak eta herritarren bizi-kalitatean eragiten duten inbertsioak sendotzea. Horrenbestez, 2026an aurrekontuaren zati garrantzitsu bat udal zerbitzuen mantentze-lanetara, Udaleko oinarrizko arloen funtzionamendura eta pertsonen arretara bideratuko da. Gainera, kale, parke, udal instalazio eta espazio publikoen hobekuntzan ere eragingo da, Urduña egoera onean mantentzen eta etorkizuneko erronketara egokitzen lagunduko duten jardueren bidez.
“Kontu hauei esker, Urduña zaintzen jarraitu ahal izango dugu, pertsonak hobeto artatu eta hiri bizigarriago, hurbilago eta kohesionatuago baten alde aurrera egin”, adierazi du alkateak amaitzeko.
Aurrekontuak gaur goizean egindako osoko bilkura berezian onartu dira, EH Bildu taldearen abstentzioarekin.