Urduñako Udalak datorren martxoaren 11n, asteazkena, 19:00etan, Orduña Plaza Hotelean, ‘Zer dakizu zure hiriaren historiari buruz?’ hitzaldia antolatu du, José Ignacio Salazar Arechalde historialariaren eskutik. Ekitaldia Orduña 1229-2029 programaren barruan kokatzen da; ekimen horrek 2029an ospatuko den hiriaren 8. mendeurrenerako bidean antolatzen diren ekitaldiak egituratzen ditu. Saioan, 1984ko bideo baten proiekzioa ere egingo da, garai hartako hiriaren irudiekin.
Urduñako alkate Iker Santocildesek adierazi duenez, “Orduña ia zortzi mendez Orduña izan da. Hori ez da egutegi bateko data huts bat; hiri hau eraiki, defendatu eta ondorengoei transmititu zuten belaunaldien ahaleginaren emaitza da. 8. mendeurrenerako bideak ondare horren pare egotera behartzen gaitu”. Santocildesek gaineratu duenez, “bere historia ezagutzen duen herria seguruagoa da bere baitan, kohesionatuagoa eta etorkizunari aurre egiteko gaiagoa. Horregatik, asteazkeneko ekitaldia bezalakoak ez dira luxu kultural bat: beharrezkoak dira”.
‘Liburuak Urduñaren historiarako’ izenburupean, hitzaldiak hiriaren historia mendeetan zehar dokumentatu duten lan bibliografiko nagusiak aztertuko ditu, 1229ko fundazioa jasotzen duten lehen testuetatik hasi eta azken ikerketetaraino. Salazar Arechaldek, urriaren 29an Santa Kristoren Eskolaren 350. urteurreneko programaren barruan bigarren esku-hartze bat egiteko asmoa duenak, oraingoan Urduñaren kontakizun historikoa osatu duten iturri dokumental eta bibliografikoak izango ditu hizpide.
Ekitaldia 1984an grabatutako bideo baten proiekzioarekin osatuko da; bideoak hiriareneta garai hartako eguneroko bizitzaren irudiak jasotzen ditu.
Asteazkeneko hitzaldia urte berezi batean egingo da, izan ere, Urduñak beste oroitzapen garrantzitsu bat ere ospatzen du: Santa Kristoren Eskolak 350 urte betetzen ditu, eta 2026 osoan zehar luzatuko den egitaraua antolatu du. Programaren barruan daud hitzaldi erlijioso eta kulturalak, otsailaren 14tik azaroaren 1era arte Santa Maria parrokiako anaiartearen ondarearen erakusketa, martxoaren 27an —mende erdi baino gehiago igaro ondoren— Dolores Ostiraleko prozesioa berreskuratzea, apirilaren 3an Ostiral Santuko Desenkalbatze Ekitaldia berriro egitea, irailaren 18, 19 eta 20an Kristoren Eskolen II. Topaketa Nazionala, eta urrian Erromara egingo den erromesaldia.
Santa Kristoren Eskola 1676ko maiatzaren 11n sortu zen Urduñan, Fray Tomás de Isla aitaren eskutik, Santa Maria parrokiako sakristia zaharrean; ordutik, gune hori Oratorioa edo, herri hizkeran, “Eskolako Kapera” bezala ezagutzen da. Gaur egun, erakundeak 421 anaia-arreba ditu, udalerriko biztanleriaren %10 inguru, eta bere gain du Aste Santuko zortzi prozesioen antolaketa; guztira, 19 pauso ateratzen dira.
Urduñak 1229an jaso zuen fundazio-gutuna, eta XVII. mendean Bizkaiko Jaurerriko barne-aduana gisa garrantzi estrategikoa izan zuen, Gaztela eta lurralde foralaren arteko merkataritza-bidean igarobide izanik.
Martxoaren 11ko ekitaldia doakoa eta irekia da, aurrez izena eman beharrik gabe, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta ADRatan Kultur Elkartearen laguntza du.