Josefinos Ikastetxeak Italiako ikasleak hartu ditu Europako mugikortasun programaren barruan, Urduña nazioarteko Lanbide Heziketarako helmuga gisa sendotzeko bidean

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2026ko martxoaren 11


Otsailetik hona, Vareseko Prestakuntza Agentziako (Lombardia, Italia) ikasleek egonaldi prestakuntzak egin dituzte Urduñako Josefinos Ikastetxean, Lombardiako Eskualdeko Nazioarteko Mugikortasuneko Prestakuntza Esperientzien programaren barruan; programa hori Europar Batasunak kofinantzatzen du.
Hilabete hauetan guztira bost taldek parte hartzea aurreikusten du egitasmoak. Urduñako Udalak harrera instituzionala egin die ikasleei, eta aste honetan Iker Santocildes alkateak hirugarren taldea hartu du Udaletxean.

Urduñako Josefinos Ikastetxeak, ofizialki Antiguako Andra Mari Ikastetxea izenarekin ezaguna, otsailetik hona Vareseko Prestakuntza Agentziako (Lombardia, Italia) ikasle taldeak hartu ditu, Lombardiako Eskualdeko Nazioarteko Mugikortasuneko Prestakuntza Esperientzien programaren baitan; programa hori Europar Batasunak kofinantzatzen du. Egitasmoak bost talderen parte-hartzea aurreikusten du hilabete hauetan: lehenengo biak Sukaldaritza eta Ostalaritzako ziklokoak izan dira, eta aste honetan iritsitako taldea, hirugarrena, Nekazaritzako ziklokoa da. Egonaldian zehar, ikasleek tailer eta praktiketan parte hartu dute euskal ikasleekin batera, eta, aldi berean, eskualdeko lurraldea eta gastronomia ezagutzeko aukera izan dute.

Urduñako Udalak hasieratik babestu du egitasmoa, Italiatik etorritako ikasleei harrera instituzionala eskainiz Udaletxean. Aste honetan, Iker Santocildes alkatea Lombardiatik iritsitako hirugarren taldearekin bildu da. “Pozgarria da Europako ikasleek Urduña aukeratzea. Horrek asko esaten du Josefinos  Ikastetxearen lanari buruz, baina baita hiri honi buruz ere: badugu zer eskaini eta nola hartu”, adierazi du alkateak. Santocildesek, halaber, azpimarratu du trukea “bat datorrela udal honek Europa aldera irekita eta konektatuta dagoen Urduña baten alde egiten duen apustuarekin”, eta nabarmendu du ikastetxeak herriaren nazioarteko proiekzioan duen eginkizuna.

Egitasmoaren jatorria 2025eko abenduan dago, Vareseko Prestakuntza Agentziako zuzendaritza-talde batek aste batez Urduña bisitatu zuenean Euskal Lanbide Heziketaren eredua bertatik bertara ezagutzeko. Bisita Luis M. Saratxagak, Euskal Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Institutuko zuzendari exekutibo ohiak, antolatu zuen, ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan. Programan parte hartu zuten Jorge Arévalok, Miguel Ángel Gallego Condek eta Ramón Martínez de Murguíak, azken hiru hamarkadetan euskal LHk Europako rankingetan abangoardiako posizioak lortu izanaren arrazoiak hobekien azaltzen dituzten erreferenteetako hiruk.

Lombardiako ordezkaritzak, gainera, euskal hezkuntza-sistemako hainbat erreferentziazko zentro bisitatzeko aukera izan zuen: Derioko Nekazaritza Eskola, Artxandako Ostalaritza Eskola, Vitoria-Gasteizko Mendizabala IEPPS, Egibideko Ostalaritza Eskola, Somorrostroko Lanbide Heziketako zentroa eta Leioako Ostalaritza Eskola. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jon Labakak hartu zituen, eta Gernikako Batzar Etxea ere bisitatu zuten. Lombardiako agentziaren arabera, euskal sisteman egindako murgiltze horrek bultzatu zuen, hain zuzen ere, beren ikasleak Urduñara bidaltzeko erabakia.

60 urte baino gehiagoko ibilbidea duen Josefinos Ikastetxea Eusko Jaurlaritzarekin itundutako ikastetxea da, eta Kristau Eskola sareko kide da. Ikastetxeak Urduñako komunitatearekin duen errotze sendoa nazioarteko bokazioarekin uztartzen du; Italiarekin garatutako truke honek argi erakusten duen bezala.

Vareseko Prestakuntza Agentziak balio profesional handiko eta benetako murgiltze-esperientziatzat jo du egonaldia. Bi erakundeen arteko lankidetzak programa etorkizuneko edizioetan zabaltzeko aukera ere aurreikusten du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide