Urduñak bederatzi haur bidaliko ditu Aste Santuko oporretako euskarazko lehen bertsolaritza udalekuetara

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2026ko martxoaren 31

Udalak Aiaraldeko beste lau udalerrirekin bat egin du Udaberriko Bertso Abentura sustatzeko: Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako hiru eguneko udalekuak izango dira, Espejoko aterpetxean, 10 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat. Izena eman duten Urduñako familiek gaur, martxoaren 31ra arte, dute ordainketa egin eta plaza bermatzeko epea

Urduñako Udalak apirilean parte hartuko du Udaberriko Bertso Abenturan, 10 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako euskarazko bertsolaritza udalekuetan. Jarduera Espejoko aterpetxean egingo da, Añanan (Araba), eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen du. Bi txandatan izango da, hiru eguneko egonaldiekin: apirilaren 7tik 9ra eta apirilaren 9tik 11ra. Urduñak bederatzi plaza gorde ditu bertako gaztetxoentzat, eta lehentasuna izango dute erroldatuek.

“Ekimen honen bidez, Urduñako haurrek euskara ikasgelatik kanpo, modu naturalean eta lagun artean bizitzeko aukera izatea nahi dugu”, adierazi du Iker Santocildes alkateak.

“Bertsolaritza gure kulturaren adierazpen bizienetako bat da, eta udaleku honek gazteei aukera ematen die benetan den moduan ezagutzeko: jolasa da, eta harremanetarako modu bat. Horretan inbertitzea Urduñako euskararen etorkizunean inbertitzea da”, gaineratu du.

Bederatzi plaza orduñarrentzat, erroldatuek lehentasuna dutela 2014an eta 2015ean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute, baita 2013an jaiotakoek ere, baldin eta bertso eskolaren batean ari badira. Urduñan erroldatutako familiek prezio murriztua izango dute, Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker; gainerakoek, berriz, ohiko tarifa ordaindu beharko dute. Plazak mugatuak dira, eta hitzarmena sinatu duten udalerrietako biztanleek lehentasuna izango dute esleipenean.

Izena eman duten familiek bihar arte, martxoaren 31ra arte, dute Arabako Bertsozale Elkartearen fakturaren bidez ordainketa egin eta plaza behin betiko bermatzeko aukera.

Urduña, horrela, Laudio, Amurrio, Artziniega eta Aiararekin batera batu da ekimen honetara. Antolaketa osoa Arabako Bertsozale Elkartearen esku dago: aterpetxearen erreserba, erantzukizun zibileko asegurua, izen-emateen kudeaketa, begiraleen kontratazioa eta parte-hartzaileen jatorriaren arabera autobusak koordinatzea.

Programak bertsolaritza jarduerak eta eskualdeko ingurune natural eta kulturalaren ezagutza uztartzen ditu, ahozkotasuna eta euskararen erabilera lantzeko, elkarbizitza eta jolas giroan.

Informazioa eta kontaktua

Edozein zalantza argitzeko, Arabako Bertsozale Elkarteak arreta eskaintzen du Gasteizko Amaia Zentroan (Benito Pérez Galdós plaza, z/g), 945 010505 (goizez) eta 688 616 531 telefonoetan, baita araba@bertsozale.eus helbidean ere. Jarduerak Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide