Urduñak kultura-proiektuak finantzatzeko aukera zabaldu du: Elkarteek ekainaren 28ra arte eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2026ko ekainaren 3a

Udalak herritar guztiei irekitako kultura-jarduerak eta ekitaldiak diruz lagunduko ditu. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 30ean, larunbatean, ireki zen.

Urduñako irabazi-asmorik gabeko kultura-elkarteek hilabeteko epea dute, joan den larunbatetik, udalaren kultura arloko dirulaguntzak eskatzeko. Eskaerak aurkezteko azken eguna ekainaren 28a izango da.

Diruz lagundu ahal izango diren proiektuak mota guztietakoak izan daitezke (antzerkia, musika, ondarea, jaialdiak edo tradizioarekin lotutako jarduerak, besteak veste), betiere herritar guztientzat irekiak badira eta 2026an zehar Urduñan garatzen badira.

Udalak laguntza ekonomikoa emango du, baina ez du jardueren antolaketan parte hartuko. Elkarteek izango dute ekimenen protagonismoa eta erantzukizuna, eta Udalak finantzaketa osagarria eskainiko du. Ez da proiekturik izango gastu guztien %100ean diruz lagundua.

Nork eska ditzake laguntzak?

Dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Urduñan egoitza duten kultura-elkarteek, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude eta haien estatutuak zein IFK aurkeztuta badaude eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik.

Horrez gain, ezinbestekoa izango da Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko, Foru Aldundiarekiko eta Udalarekiko betebeharrak egunean izatea, bai eskaera aurkezteko unean bai dirulaguntza kobratu arte.

Kanpoan geratuko dira sexu-arrazoiengatiko diskriminazioagatik zigortutako erakundeak, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren aurka jarduten dutenak ere.

Zer finantzatzen da eta zer ez?

Deialdia herritar guztiei irekitako kultura-proiektuak sustatzeko sortu da. Horregatik, ez dira diruz lagunduko elkarteko bazkideei soilik zuzendutako jarduerak, izaera hutsean festiboa duten ekimenak edo elkartearen helburuekin loturarik ez duten jarduerak.

Era berean, kanpoan geratuko dira 600 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuak, 15 pertsona baino gutxiagori zuzendutakoak eta beste bide batzuetatik finantzaketa jasotzen dutenak. Jardueraren gehienez %50 azpikontratatu ahal izango da.

Nola aurkeztu eskaera?

Eskabideak Urduñako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (www.urduna.com, Izapideak atalean), horretarako prestatutako eredua erabiliz eta eskatutako dokumentazioa PDF formatuan eta sinadura elektronikoarekin erantsita.

Halaber, Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusitako gainerako bide ofizialak ere erabili ahal izango dira.

Dirulaguntza jasotzen duten elkarteek 2027ko urtarrilaren 31ra arte izango dute gastuak justifikatzeko epea. Horretarako, jardueraren aurrekontu osoaren %100 justifikatu beharko dute, eta ez soilik Udalak emandako diru-kopurua.

BDNS 906915 zenbakia duen deialdia osorik kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (www.infosubvenciones.es).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide