Igande honetan Urduñak zinemaren mundura hurbiltzeko aukera izango du, Pablo Berger eta Ibon Cormenzana profesionalen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2026ko uztailaren 1a

Pablo Bergerrek hainbat Goya sari irabazi ditu. / Wikipedia

Udalak Casa Mundo Cero elkartearekin batera antolatutako solasaldi irekia Alondegian izango da, eta gure zinemako bi erreferenteren esperientzia hurbilduko die hiritarrei zein bisitariei.

Igande honetan, hilak 5, Urduñak zinema eta ikus-entzunezko sorkuntzaren mundura hurbiltzeko aukera izango du, Pablo Berger zuzendariaren eta Ibon Cormenzana ekoizle zein Urduñako Casa Mundo Cero elkartearen sustatzailearen eskutik. Solasaldia, “Ekoizle/zuzendari binomioa, Ibon Cormenzana eta Pablo Bergerrekin. Blancanieves-etik Robot Dreams-era” izenburupean, publikoari irekia izango da, 17:00etatik aurrera Alondegian.

Beren esperientziatik abiatuta, bi profesionalek Blancanieves-etik Robot Dreams-era arteko bide partekatua egitera gonbidatuko dituzte hiritarrak, hainbat gai jorratuz: zuzendariaren eta ekoizlearen arteko harremana, film baten atzean dagoen sormen-prozesua, istorio baten eraikuntza edota ikus-entzunezkoen industriak gaur egun dituen erronkak. Izan ere, Iker Santocildes alkatearen ongietorri instituzionalaren ondoren solasaldi irekia egingo da, bertaratutakoek galderak egin eta gogoetak partekatu dezaten.

“Urduñak ideiak, sormena eta talentua hazteko lekua izaten jarraitzea nahi dugu. Pablo Berger eta Ibon Cormenzana bezalako profesionalen presentzia aukera aparta da gure hiritarrak inspiratzeko, eta hiriak kulturarekin zein ikus-entzunezko sektorearekin duen lotura sendotzen jarraitzeko”, nabarmendu du Iker Santocildes alkateak.

Sormen-prozesuaren eta ikus-entzunezkoen industriaren gakoak publikoari hurbiltzeaz gain, Udalaren laguntzarekin Urduñan bultzatutako Casa Mundo Cero egitasmoa ezagutarazteko ere balioko du saioak. Ekimen honen helburua da kultura, talentua eta eragin soziala proposamen berritzaileen bidez konektatzea, sektoreko erreferenteak hiritarrei hurbiltzea eta aukera berriak sortzea udalerriko sormen- eta kultura-garapenerako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide