Maria Dolores Madaria eta Landatas auzoen eraldaketa amaitu da

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2026ko uztailaren 2a

Guztiz birgaitu dute auzoa. / Urduñako Udala

Guztira 130 etxebizitza birgaitu dira María Dolores Madaria eta Landatas auzoetan egindako esku-hartzeari esker. Lanak hamar eraikinen energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzera bideratu dira, eta espazio publikoak ere berritu dira, bi auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko.

María Dolores Madaria eta Landatas auzoetako birgaitze integraleko eta hiri-berroneratzeko obrak amaitu dira dagoeneko. 8.629.328,77 euroko inbertsioari esker, hamar eraikin osorik zaharberritu dira: lau Landatasen (Landatas auzoa 1, 3, 5 eta 7) eta sei María Dolores Madarian (María Dolores Madaria 1, 3, 5 eta 7, Kale Nagusia 3 eta Antiguako pasealekua 6); guztira, 130 etxebizitza.

“Jarduera horri esker, errealitate desberdinak dituzten baina helburu bera duten gure hiriko bi auzoren aldarrikapen historikoari erantzun ahal izan zaio: bizilagunen egunerokotasuna eta bizi-kalitatea hobetzea”, aurreratu du Iker Santocildes alkateak. Hain zuzen ere, eta helburu komun horretan aurrera egiteko, alde batetik, eraikinen energia-eraginkortasuna hobetu da fatxadetan SATE sistemen bidez isolamendu termikoa jarriz, eta, bestetik, horietako zortzitan irisgarritasun-obrei ekin zaie, igogailuen instalazioarekin.

Proiektua BERPIZTU Programaren eta Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planaren barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzak (2.135.908,13 €), Next Generation EU funtsek (3.773.809,53 €), Urduñako Udalak (531.833,11 €) eta bi auzoetako bizilagunek (2.187.778 €) finantzatu dute.

“Gaur obra hauek amaitzeaz gain, beste urrats bat eman dugu gure auzoak zaintzeko eta auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoari eusteko. Hori da proiektu honen benetako balioa. Ildo horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei, obrak iraun bitartean erakutsitako pazientziagatik eta ulermenagatik. Jabetzen gara horrelako jarduera batek eguneroko bizitzan sor ditzakeen eragozpenez, eta bizilagunek erakutsitako konpromisoa baloratzen dugu”, azpimarratu du alkateak.

Hiri birgaitzea

Bi auzoetako eraikinetan esku hartzeaz gain, bi auzoetako espazio publikoetan jarduteko ere balio izan dute lanek, baita Opengela izenez ezagutzen den Kudeaketa eta Hurbiltasuneko Bulego Teknikoa abian jartzeko ere.

Horiek horrela, Maria Dolores Madariaren inguruan Antiguako pasealekua berriz urbanizatu da, galtzadaren eta espaloiaren arteko kotak berdindu dira, eta telekomunikazio-sareak lurperatu eta argiteria publikoa hobetu da. Landatas auzoan ere linea elektrikoak eta telekomunikaziokoak lurperatu dira, PGLko andelaren ordez gas naturala auzora iritsi da, trastelekuetarako sarbideak eta arrapalak hobetu dira, aparkalekuak birbanatu dira, hiri-altzari eta argiztapen berriak instalatu dira, eta erabilera komunitarioko kanpoko espazio estali bat sortu da.

“Jarduera honek erakusten du auzo bat eraldatzea ez dela soilik espazioak berritzea, baizik eta bertan bizi direnen ongizatea eta bizikidetza hobetzea”, adierazi du Santocildesek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide