Irailean, Urduñak hiriko oroimen kolektiboaren parte den hitzordu nagusietako bat biziko du berriro: Koroatze Jaiak. Oraingoan, Urdufolk jaialdiaren egitarauko jarduerak irailaren 4an eta 5ean itzuliko dira, herri-tradizioa, zuzeneko musika, kirola eta familientzako jarduerak uztartuko dituen asteburua osatuz.
Aurtengo egitarauak hiriko kaleak eta plazak beteko ditu berriro, hiritar guztiei zuzendutako jarduerekin. “Jaiek aukera ugari eskainiko dituzte hiriaz gozatzeko eta belaunaldien arteko topaguneak partekatzeko, kontzertu zein kalejirekin, kirol-lehiaketekin, haur-jokoekin edota ospakizunari lotutako ekitaldi erlijiosoekin”, adierazi du Uxue Mendibil Kultura zinegotziak.
Edozein jai-girotan bezala, musika izango da protagonista nagusietako bat. Izan ere, egitaraua ostiralean hasiko da, BOSek Familia Sakratuaren Elizan eskainiko duen kontzertuarekin; eta ondoren, Urdufolk jaialdiko hainbat emanaldik hartuko dute lekukoa, mota askotako musika-estiloak eta proposamenak hiritarrei hurbilduz. Harribitxi, Patax, Lone Ark Meets Message edota Dardara Soinu Sistema izango dira aurtengo kartela osatzen duten taldeetako batzuk.
Marmitako Lehiaketa entzutetsuak bere hogeita seigarren edizioa beteko du asteburuan, jaietako hitzordu arrakastatsu eta jendetsuenetako bat dela berretsiz. Izan ere, Txoko Igel Abestokiak antolatutako ekitaldiak dozenaka hiritar bilduko ditu berriro Foru Plazan, euskal herri-kulturari erabat lotutako errezeta baten inguruan.
Horrez gain, Bolo Txapelketa, pilota partidak eta haurrentzako hainbat proposamen ere egongo dira; hala nola, tailerrak, jolas-parkea eta puzgarriak.
Igandean, Antiguako Andra Mariaren santutegiko erlijio-ekitaldiek bat egingo dute kalean egongo den jai-giroarekin. Izan ere, Bihotza Konpartsaren erraldoi eta buruhandien kalejirak, Santa Zezilia Bandaren emanaldiak eta asteburuari amaiera borobila emango dion Dantza Plazak jantziko dute eguna.
“Programatutako jarduerez gain, Koroatze Jaiek elkarteek, kultur erakundeek eta tokiko kolektiboek Urduñako bizitzan duten zereginaren isla dira. Euren parte-hartzeak tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen dituzten ospakizunak bizirik mantentzea dakar, urtez urte hiritar guztientzako topagune izaten jarraitzen baitute”, amaitu du zinegotziak.