Urduñako Udalak gazteentzako politikak indartuko ditu, gazteen emantzipaziorako udal-proiektu pilotuaren buru izango den teknikari espezializatu bat kontratatuz. Programaren helburua 16 eta 30 urte bitarteko gazteei arreta integrala eskaintzea da, baita baliabideak eta laguntza ematea ere hainbat arlotan, hala nola etxebizitzan, enpleguan, prestakuntzan, osasun mentalean, ongizate emozionalean eta partaidetza komunitarioan.
Gauzak horrela, deialdia administrazio publikoko A2 taldeari dagokio. Hautagaiek unibertsitateko titulazioa izan beharko dute gizarte-zientzien, hezkuntzaren, gizarte-lanaren, psikologiaren, soziologiaren edo antzeko diziplinen arloetan. Horrez gain, gazteria-
programetan aldez aurretik izandako esperientzia eta dagokion euskarako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharko dituzte.
Postua hartuko duen pertsonaren funtzio nagusiak hauek izango dira: gazteentzako udal-programak diseinatzea eta koordinatzea, gazteei emantzipazio-prozesuetan laguntzea, gazte-espazioak dinamizatzea, tokiko bizitzan parte-hartze aktiboa sustatzea, eta lurraldeko beste administrazio zein gizarte-eragile batzuekin koordinatzea.
Era berean, arlo horri lotutako proiektuak eta txostenak egiteaz zein dirulaguntzak kudeatzeaz arduratuko da. Hautaketa Lanbideren bidez egingo da. Interesdunek gaurtik abuztuaren 21era arte aurkeztu ahal izango dute hautagaitza, egun hori barne. Deitutako lanpostua betetzeaz gain, prozesu honek antzeko ezaugarriak dituzten aldi baterako beharrei erantzuteko lan-poltsa bat sortzeko aukera emango du.