Urduñako Udalak Herri Ikastetxeko kanpoko guneak hobetzeko lanak hasi ditu, helburu argi batekin: segurtasuna indartzea, instalazioen iraupena luzatzea eta ikasle, irakasle zein familientzat baldintza hobeak bermatzea.
Lanak egiteko 151.628,46 euroko inbertsioa egingo da, eta horren % 85 Udaleraikik ordainduko du. Aurreikuspenen arabera, bi hilabete beharko dira eraikinaren estalkiko zein
inguruko elementuak konpontzeko. Zehazki, teilatu-hegalak eta txorrotak berrituko dira, ur-iragazketek kaltetutako eremuak konponduko dira eta kanpoko jolas-lekuan hainbat hobekuntza egingo dira, zorua gehiago honda ez dadin eta egoera hobean uzteko.
“Lan hauei esker, herriko gune eta eraikin publikoak berritzen eta hobetzen jarraitzen dugu. Hezkuntza-komunitateak instalazio seguruak, egokiak eta egoera onean izatea bermatu nahi dugu; baita ikusitako kalteak handitu edo okerrera egitea saihestu ere”, adierazi du Iker Santocildes Urduñako alkateak.
Obra hauek egiteko beharra eraikinari aurretik egindako azterketa teknikoan ikusi zen; izan ere, txosten horrek agerian utzi zituen denboraren pasak eta eguraldi txarrak sortutako hainbat arazo. Esku-hartze honi esker, gabezia horiek zuzenduko dira eta ikastetxea egoera onean mantentzen lagunduko da. Hala, herriko hezkuntza-komunitatearentzat funtsezkoa den eraikin honen kalitatea eta segurtasuna indartuko dira.