Datorren ostiralean, irailaren 4an, Berdindu zerbitzu ibiltaria Urduñan izango da, LGTBIQ+ pertsonei, senideei zein erakundeei zuzendutako arreta, laguntza eta aholkularitza eskaintzen. Herritarrek 11:00etatik 17:00etara izango dute aukera hurbiltzeko, Foru Plazan.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako zerbitzu hau, Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzarekin, Urduñako herritar guztiei zuzenduta egongo da. Bertan, sexu-identitate eta -orientazioaz, LGTBIQ+ legeriaz, seme-alabatasunaz edota sexu-aniztasuneko hezkuntzaz informazioa jaso, zalantzak argitu edo kontsultak egiteko aukera egongo da. “Baliabidea herritarrengana hurbiltzea eta gune seguru eta profesional baten laguntza zuzen zein pertsonalizatua ematea da helburua. Herritar guztiak animatzen ditugu aukera hau baliatzera, inklusioaren, errespetuaren eta aniztasunaren alde egiten duen zerbitzua baita”, adierazi du Iker Santocildes alkateak.
Era berean, egun hori baino lehen informazio gehiago nahi duenak, Berdindurekin jar daiteke harremanetan, doako 900 840 128 telefono-zenbakira deituta.