Txarlazoko Antiguako Amaren monumentua, Familia Sakratuaren eliza, herri-jolasak eta hirigune historikoko bisita gidatuak izango dira Ondarearen Europako Jardunaldien programazioko protagonistak Urduñan. Eskaintza honek hiriko historiaren, kulturaren eta nortasunaren funtsa hurbilduko die herritarrei.
Izan ere, Txarlazoko Antiguako Amaren monumentuak eta Familia Sakratuaren Elizak garrantzi berezia izango dute Antiguako Amaren Fundazioak antolatutako ekintzei esker.
Urriko larunbat guztietan, hau da, hilaren 3, 10, 17, 24 eta 31n, Familia Sakratuaren Elizak jendearentzako bi erakusketa hartuko ditu. Lehenengoak, 17:30etik 19:30era, Txarlazo mendian dagoen monumentu enblematikoaren zaharberritzea eta balioestea izango du ardatz. Panel, irudi eta dokumentazioaren bidez, 1903an Estatuko hormigoi armatuzko lan aitzindariotzat hartutako eraikuntza berezi honen historia ezagutaraziko da, Urduñako ezaugarri ezagunenetako bat ahalbidetu zuen herri-esfortzua gogora ekarriz.
“Txarlazoko Antiguako Amaren monumentua paisaia-erreferentzia bat baino askoz gehiago da bere kokapen paregabean. Lurralde oso baten nortasunaren parte da, eta gure aurretik zirenek proiektu berritzaile eta eraldatzaileak bultzatzeko izan zuten gaitasunaren erakusgarri ere bada. Indar integratzaile handia du eta adostasuna sortzen du inguruko udalerri, probintzia zein erkidegoetan, eta errotze sakona sustatzen du pertsona eta erakunde publiko zein pribatuen artean. Gure helburua ondare horri balioa ematen jarraitzea eta belaunaldi berriei zabaltzea da”, nabarmendu dute Fundaziotik bertatik.
Bigarren proposamena ere egun horietan bistan izango da, 11:30etik 13:30era, eta Familia Sakratuaren Elizako ondare barroko apaindua ezagutaraztea izango du xede. Erakusketak bertako altxor artistiko aberatsa eta bisitarien begietatik ezkutuan egon ohi diren zenbait pieza erakutsiko dizkie bertaratutakoei, ondarea jatorrizko egoeran iraunarazteko egiten diren kontserbazio- eta zaharberritze-lanak balioetsiz.
Haurtzaroko oroitzapenek eta herri-jolasek ere toki aipagarria izango dute programazioan, Urduñako Museoan urriaren 4ra arte ikusgai egongo den Urrutiko haurtzaro baten jolasak eta jostailuak erakusketarekin. Hainbat belaunalditako haurtzarora bidaiatzeko gonbita da 500 pieza baino gehiago biltzen dituen bilduma hau. Erakusketa osatzeko, urriaren 2an, 18:30ean, Haur jolasak dokumentala eskaini eta Herri-jolasak: berreskuratu beharreko ondarea solasaldia egingo da. Gainera, urriaren 4an, belaunaldi arteko lantegi bat egingo da Andra Mari plazan; bertan, helduek, umeek eta gazteek jolas horietako batzuk berreskuratuko dituzte ordu batzuez, belaunaldien arteko ezagutzen eta oroitzapenen transmisioari lagunduz.
Ondarea eta memoria
Urduñako Turismo Bulegoak ere bat egingo du programazioarekin, tokiko ondarea ikuspegi desberdinetatik berrezagutzeko bi bisita gidatu eskainiz. Lehenengoa gaueko ibilbidea izango da, urriaren 9, 16 eta 23an, 19:30ean. "Fokua ondarean: argiztapenaren indarra" izenburupean, argiak hirigune historikoko eraikin nagusien edertasuna nola nabarmentzen duen erakutsiko du. Bigarrena urriaren 17an eta 18an izango da, 11:30ean, "Fokua ondarean: arriskuan dagoen herri-ondarea" izenarekin. Bisita honek hiriko kale, kantoi eta bazterrak ezagutzeko gonbita egingo du. Helburua Urduñako memoria kolektiboaren parte diren ohiturak, lanbideak eta eguneroko bizitzari lotutako ondarea berreskuratzea izango da.
Era berean, Urduñako Kristoren Santa Eskolak ere urriko egitarauan parte hartuko du, hilabete osoan zehar ikusgai egongo den Kristoren Santa Eskolako ondare material eta ez-materiala erakusketaren bidez. Erakusketa honek erakundearen historia jasotzen duten agiriak, irudiak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak eta hainbat tresna bilduko ditu. Horrela, bere bilakaeran barrena ibilbide bat proposatuko du, gaur egun oraindik hiriko kultura- eta erlijio-nortasunaren parte den ondare aberats hau ezagutarazteko.
"Egitarau honi esker, urrian zehar Urduña ondarearen topagune bihurtuko da berriro ere; herritar zein bisitariei gure hiriko historia, kultura eta nortasuna hobekien azaltzen duten elementuak hainbat ikuspegitatik ezagutzeko aukera hurbilduz", adierazi du Iker Santocildes alkateak.