Emakumeen osasuna eta ongizate fisikoa sustatzeko asmoz, Urduñako Udaleko Berdintasun Sailak jarduera berri bat jarriko du martxan datorren urritik 2027ko martxora arte: “Emakumeentzako fisioterapia”. “Ekimen honen bidez, ikasteko, ariketa egiteko eta elkarri laguntzeko gune bat eskaini nahi dugu; parte-hartzaileek euren gorputza hobeto ezagutu dezaten eta bizi-kalitatea hobetzeko tresna praktikoak eskura ditzaten”, azaldu du Irati Ortiz de Pinedo Berdintasun zinegotziak.
Programak 10 saio izango ditu, eta emakumeen osasunari lotutako hainbat alderdi jorratuko ditu ikuspegi integral batetik. Besteak beste, zoru pelbikoa, gorputzaren mugikortasuna eta bizitzako etapa bakoitzean ager daitezkeen ondoez zein eragozpen fisikoen prebentzioa landuko dira saio horietan.
Saioak urriaren 13an hasiko dira, 18.00etan, Alondegian. Parte-hartzaileei arreta egokia eta jarraipen pertsonalizatua bermatzeko, jarduerak gehienez 20 plaza izango ditu.
Parte hartu nahi duten emakumeek urriaren 6an eman ahal izango dute izena, 9.00etatik 13.30era, Udaletxeko Herritarren Arretarako Bulegoan edo berdintasuna@urduna.com posta elektronikoaren bidez. Bestalde, behar bereziak dituztenek, lana eta familia uztartzeko zailtasunak dituztenek edota bestelako arazorik dutenek Berdintasun Sailarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute. Izan ere, egoera bakoitza banan-banan aztertuko da, emakume guztien parte-hartzea bermatuko duten konponbideak eta aukerak eskaintzeko.
Jarduera honetan izena emateak hamar saioetara joateko konpromisoa dakar. Hori dela eta, Berdintasun Sailak ikasturte osoan zehar parte-hartze jarraitua bermatu dezaketen emakumeei soilik egiten die izena emateko deia, edukiei etekin handiena ateratzeko eta talde-dinamika sendotzeko. Ekimen honen bidez, Udalak autozaintzari eta ongizateari eskainitako gunea bultzatu nahi du.
Bertan, esperientziak partekatzeaz gain, emakumeek euren gorputza hobeto ezagutu, zaintzeko autonomia indartu eta bizi-kalitatea hobetuko duten ohitura osasungarriak barneratuko dituzte.
