Urduñako Udalak auzo eta biztanleguneen izen ofizialak eguneratu ditu, Euskaltzaindiaren toponimia-irizpideetara egokitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala

Gaurko osoko bilkuran onartutako proposamen honi esker, udalerri osoko 28 auzo eta biztanleguneren izendapenak berrituko dira. Ekimenaren helburua izen horiek indarreko irizpideetara egokitzea da, hiriko ondare historiko eta linguistikoa babestu eta indartzeko.

Urduñako Udalak hiriko hainbat auzo eta biztanleguneren izen ofizialak eguneratzeko proposamena onartu du gaur egindako osoko bilkuran, izendapenak Euskaltzaindiak EAEko Izendegi Geografiko Ofizialean ezarritako toponimia- irizpideetara egokitzeko helburuarekin.

"2008ko udal-mapan onartu ziren izen batzuk ez ziren erregistro ofizialetan eta kaleiztegian jaso. Horren ondorioz, hainbat auzok gaur egungo forma arautuekin bat ez datozen izenekin jarraitzen dute, eta horregatik abiatu dugu ekimen hau", azaldu du Iker Santocildes alkateak.

Eguneratze honek udalerriko 28 auzo eta biztanleguneren izendapenak ofizialki gaurkotzea dakar, euskal grafia akademikoari bide emanez. Aldaketa nagusien artean, Belandian adibidez, Arbe-Belandia formaren ordez Arbe jarriko da; Barrio Medio-Belandia eta Medio gunea Belandiabizkar izendatuko dira; Iturri Zaharra-Belandia Iturrizarra bihurtuko da; Rutxi-Belandia Urrutxi izatera igaroko da, eta Ugarte-Belandia Ugarte gisa geratuko da. 

Lendoño Behekoan, izendapenak argitzeko, La Iglesia-Lendoño de Abajo ordezkatuko du Elexalde izenak, eta Poza-Lendoño de Abajo zein Uria-Lendoño de Abajo toponimoak Poza eta Uria formetara egokituko dira; halaber, Uria-Elexalde gunea Elexalde deituko da hemendik aurrera. Lendoño Goikoan, bestalde, bai auzoak eta bai biztanleguneak Lendoñogoiti izen bateratua hartuko dute, eta Venta Fria-Lendoño de Arriba guneak Ventafría forma bereganatuko du. Mendeikan, azkenik, Aquejelo-Mendeika Akexolo izenaz gaurkotuko da, Arteaga izendapen independente gisa mantenduko da eta egungo La Iglesia-Mendeika auzorako Elexalde / La Iglesia forma ofiziala hartuko du.

Berrikuntza hau udalerriko beste hainbat auzotara zabalduko da ere: Agua Salada izenaren ordez Aguasalada jarriko da; Eras de Polanko, Eras de Polancos bihurtuko da; La Antigua, Antigua; Landatas, Landata; Ripa, Erripa, eta Vista Alegre, Vistalegre. Halaber, hainbat izendapen Euskaltzaindiak araututako formetara gaurkotuko dira: San Antón San Anton izatera igaroko da; San Francisco, San Frantzisko; San Miguel, San Migel; San Pelayo, San Pelaio; Santa Clara, Santa Klara; eta Santa Cristina, Santa Kristina.

"Ekimen honen bidez, udal-izendegiaren koherentzia bermatu eta herriko toponimia-ondarea babestu nahi dugu. Gainera, aldaketa honekin ziurtatuko dugu erregistro eta estatistika ofizial guztietan erakunde eskudunek araututako formak jasoko direla", gehitu du alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide