Urduñako Museoak Gervasio Sánchez Argazkilaritza Sari Nazionala jaso duen argazki-kazetariaren “Bizitzaren aldeko aktibistak” erakusketa hartuko
du urriaren 8tik abenduaren 13ra bitartean. Erakusketak Hondurasen eta Guatemalan giza eskubideen, emakumeen eskubideen eta ingurumenaren defentsan egindako lanagatik mehatxatuta dauden pertsonen errealitatea ikusaraztea du helburu.
Artistak jendaurrera eraman nahi ditu mehatxu eta indarkeria guztien gainetik beren komunitate eta lurraldeen defentsan diharduten 40 gizon-emakumeren bizipenak, argazkiak, testuak eta ikus-entzunezkoak baliatuz. Lan horren bidez, baliabide naturalen ustiapenak dakartzan gizarte eta ingurumen-ondorioei buruzko gogoeta piztu nahi du, bai eta oinarrizko eskubideen defentsak duen garrantzia azpimarratu ere.
Erakusketa Urduñan, Amurrion eta Getxon aldi berean garatuko den erakusketa-proiektu baten parte da. Iker Santocildes alkateak adierazi duenez, “Getxok proiektuaren ikuspegi feminista jasotzen duten 20 argazkiz osaturiko erakusketa ibiltaria jasoko du; Amurriok eta gure hiriak, berriz, jatorrizko erakusketa partekatuko dute, Gervasio Sánchezek egindako lana ezagutaraziz”.
Halaber, erakusketa ikusgai dagoen bitartean, Entramar elkarteak dibulgazio-jarduerak eta bisita gidatuak eskainiko ditu ikastetxeentzat, belaunaldi gazteenei errealitate hori hurbiltzeko eta giza eskubideen zein ingurumenaren defentsaren inguruko hausnarketa sustatzeko.
Bisita gidatua, mahai-ingurua eta musika
Erakusketaren inaugurazioa urriaren 8an izango da, 19:00etan, eta Gervasio Sánchezek berak gidatutako bisita batekin hasiko da, bertaratutakoei Ertamerikan bertan egindako lanaren gakoak azalduz. Ondoren, mahai-ingurua egingo da Guatemalako Mujeres Tejiendo Red kolektiboko ordezkariekin, Koldo Badillo Urduñako Museoko Arte Erakusketa Aretoko zuzendariak moderatuta. Azkenik, Presaganako Txistularien musika-emanaldia izango da, ekitaldiari amaiera emanez.
Euskadin ikusgai egongo den “Bizitzaren aldeko aktibistak” erakusketa Herriarte elkarteak antolatu du, Gurari Etxea, Getxoko Udala, Amurrioko Udala, Urduñako Museoa, Hamaika Kale eta Urduñako Udalarekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa du.