Urduñan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitu nahi duten herritarrek hitzordu berria dute datorren asteazkenean, urriaren 14an, Berdintasun Batzordearekin Alondegian.
Hausnarketak, beharrak eta proposamenak partekatzeko foro ireki honen bidez, hiri berdinzaleago baten bidean aurrera egiten jarraitzea da asmoa. Bide horretan, Udalak herritarren inplikazioa sustatu nahi du berdintasun-politiketan, eta pertsona, kolektibo zein erakundeen arteko elkarlana bultzatu, egungo erronkei erantzuteko.
“Batzordeak hiriko elkarteen partaidetza bermatu nahi du, baita aniztasuna sustatu ere”, adierazi du Irati Ortiz de Pinedo Berdintasun zinegotziak. Gauzak horrela, Udalak ekimen honekin bat egitera eta norbere ikuspuntu zein proposamenak ekar ditzaten gonbidatu nahi ditu interesa duten herritar guztiak.
Izan ere, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da Urduña berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta berdintasunarekin konprometituagoa eraikitzen jarraitzeko. Bilera arratsaldeko 18:00etan izango da.