Datozen asteetan, Orduña Herri Eskolako eta Antigua ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek hainbat proposamen interesgarri landuko dituzte ORDUENER energia-kooperatibaren eta Udalaren eskutik. Besteak beste, eguzkitik argindarra sortzen duten etxeak, eguzki-berotasuna baliatzen duten labeak eta haizearen indarra probatzeko aerosorgailu txikiak ezagutuko dituzte.
Ekimena Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen barruan (ASTEKLIMA 2026) kokatzen da eta helburu argia du: ikasleek energia berriztagarriak bertatik bertara ezagutzea. Halaber, trantsizio energetikoa, aurrezpena eta eraginkortasuna bezalako kontzeptuak landuko dituzte. Horretarako, hiru tailer praktiko egingo dira, haurren adinaren arabera egokituta.
Lehenengo proposamenak, “Gure eguzki-etxea” izenekoak, energia fotovoltaikoa hurbilduko du ikasgeletara, ikasleek eguzki-plakaz eta LED argi banaz baliatutako etxe txikiak eraiki ditzaten. Ariketa horri esker, ikasleek bertatik bertara egiaztatu ahal izango dute eguzki-erradiazioa nola bihurtzen den argindar.
“Eguzki-labea” tailerrean ere eguzkia izango da ardatza. Kartoizko kaxak, paper birziklatua, aluminioa eta leiho garden bat erabiliz, ikasleek beren labeak eraikiko dituzte; ondoren, eguzkitan jarri eta isolamenduak zein berotegi-efektuak beroari nola eusten dioten ikasiko dute.
Hirugarren eta azken jardueran, haizearen indarra izango dute aztergai “Haizea sortuz” tailerrean. Bertan, aerosorgailu txikiak eraikiko dituzte, tresna horiek argindarra sortzeko duten gaitasuna probatuz.