Urriko azken astean, hilaren 26tik 31ra bitartean, Urduñako hainbat gune tradizioz eta kulturaz jantziko dira Udalak Arimen Gauerako antolatu duen egitarauari esker.
Jarduerak astelehenean, urriaren 26an, hasiko dira Alondegian, poltsak pertsonalizatzeko tailer batekin (17:00etan). Biharamunean, asteartean, kandela-tailerraren txanda izango da espazio berean, bi saiotan banatuta: 17:00etan eta 18:00etan. Horrez gain, asteazkenean eta ostegunean, herriko harresi barruan antzinako kondairetan murgiltzeko (19:00etan), eta sukaldeko sekretuak ezagutzeko (17:00etan) aukera egongo da, hurrenez hurren. Ekintza guzti hauek 6 urtetik gorakoentzat izango dira.
Asteburuari begira, ostiralean, hilak 30, txapak egiteko bi saio egingo dira liburutegian, 17:00etan eta 18:00etan, eta, larunbatean, hilak 31, 18:00etatik 20:00etara kalabaza-kandelak egiteko tailerra eta Gau Baltzako gozogintza dastaketa uztartuko dira Alondegian.
Azken ekimen honetarako plaza mugatuak direnez, aurrez izena ematea beharrezkoa izango da turismo bulegoan (turismo@orduna.com edo 945 384 384). Egitarau zabal honi Urduñako Harresia Kultura, Aisialdi, Kirol eta Gastronomia elkarteak arratsaldean zehar antolatutako ekintzak batuko zaizkio.